Itxi

Musika

Omenaldia

Lou Reed zenari, Euskal Herritik kantari

Natxo Velez | eitb.com

Jonan Ordorika ekoizlea eta Fernando Saunders baxu-jotzailea, biak ere Reed gertu-gertutik ezagutu zutenak, artistaren omenezko diskoa prestatzen dihardute, euskal musikariekin batera.

Fernando Saunders, urte askoan Lou Reeden taldean baxuaren ardura izan duen musikari eta ekoizlea, Euskal Herrian biran dago egunotan. Igandean Iruñean aritu eta gero,  apirilaren 2an Donostian, hilaren 3an Gasteizen eta 4an Bilbon egongo da, "Happiness" diskoa aurkezten.

Hala ere, Jeff Beckekin, Jon McLaughinekin, Joan Baezekin, Jimmy Pagerekin eta beste hamaika maisurekin aritutako gizonak beste eginbehar baterako ere baliatuko du euskal bira. Izan ere, Jonan Ordorika ekoizlearekin batera, Lou Reed zenaren omenezko disko bat prestatzen ari da Saunders, eta hainbat euskal artistak parte hartuko dute lan horretan. Oraindik, halere, ez dute iragarri zein musikari izango diren Reedi gorazarre egiteko lanean.

Saundersek bakarkako diskoa kaleratu berri du, eta hori aurkezten ari da euskal agertokietan. Horretan, jazz eta rock ukituek bilduta, Reedekin konposatu zuen azken kantua aurki daiteke: "Jesus".

Jonan Ordorikak Saundersen bidez ezagutu zuen Lou Reed newyorktar artista , haren zale handia izanik. Orain, besteak beste Ruper anaiaren diskoen ekoizleak Saundersengana jo du, harekin batera adiskide izan zutenaren omenezko diskoa gorpuzteko.