Musika
Jazza
Diego 'El Cigala' eta Hiromi Uehara pianista ere, Getxoko Jazzaldian
Erredakzioa
Michel Camilo, Jack de Johnette eta Natalia Dicenta abeslariaren emanaldiak ere hartuko ditu jaialdiak, besteak beste. Sarrerak maiatzaren 5etik aurrera egongo dira salgai.
-
Diego 'El Cigala'. Argazkia: elcigala.com
Diego "El Cigala" flamenko-kantaria eta Hiromi Uehara piano-jotzaile japoniarra ere Getxoko Jazzaldiaren saio nagusietan arituko dira. Uztailaren 2tik 6ra, jazzaldi bizkaitarrak Michel Camilo, Jack de Johnette eta Natalia Dicenta abeslariaren saioak ere hartuko ditu.
Emanaldi nagusiez gain, Taldeen Lehiaketako kontzertuak, "Hirugarren Milurtekoa" atala eta jam session-ak ere egongo dira egitarauan. Guztira, 18 kontzertu gozatu ahal izango dituzte zaleek. Ordainpeko kontzertuetarako (Biotz Alai plaza) sarrerak maiatzaren 5ean hasita egongo dira salgai.
Hiromi Uehararen (1979, Hamamatsu; Japonia) emanaldiak teknika eta birtuositatearen aldarriak dira, "indartsuak", antolatzaileek azaldu dutenez. Sei urte zituela hasi zen musika klasikoa jotzen, eta bi urte geroago jazzaren munduan abiatu zen; ordutik, bi musika mota horiek txandakatu ditu. 2003. urtetik, nazioarteko hainbat bira egin ditu, eta bere lanetan jazz erritmoak, doinu klasikoak, rock progresiboa eta fusioa uztartzen dira.
Nazioartean lehenengo urratsak eman zuenetik hirukotean aritu da piano-jotzailea jazz saio gehienetan. Getxon, Anthony Dawson baxu-jotzailearekin eta Simon Phillips bateria-jotzailearekin arituko da. "Lehenengoak fusio ikuspuntua jartzen dio hirukotearen musikari eta bigarrena estilo progresiboaren erakusle da", getxoztar jaialdiko antolatzaileek esan dutenez.
Diego "El Cigala" (Diego Ramón Jiménez Salazar; 1968, Madril) flamenko-kantari ospetsuenetarikoa da, "Camarón de la Isla handienaren oinordeko nagusietakoa". Rafael Farina abeslari handienaren iloba da, eta 1998. urtean egin zuen debuta "Undebel" diskoarekin.
El Cigala estilo askoko artistekin jardun da. 2002an, Fernando Trueba zinemagileak ekoitzita, "Lágrimas negras" grabatu zuen, Bebo Valdéz piano-jotzailearekin elkarlanean, eta nazioarteko ospea lortu zuten: Grammy bat, hiru Musika Sari, Ondas sari bat eta platinozko hiru disko Espainian, eta beste horrenbeste Argentina, Mexiko eta Venezuelan
Beste lan hauek merkaturatu ditu orduz geroztik: "Picasso en mis ojos" (2005), "Dos lágrimas" (2008), "Cigala y tango" (2010) eta "Romance de la luna Tucumana" (2013).
Sarrerak
Jazzaldirako sarreren salmenta maiatzaren 5ean, astelehenean, hasiko da, ohiko salmenta-guneetan: Kutxabankeko orotariko kutxazainetan, webgunean, Algortako Kultur Etxean eta 94 491 40 80 telefonoaren bidez.
Aurretik iragarritako artistei gehituko zaizkie antolatzaileek gaur iragarritakoak.