Itxi

Musika

Iragarpena

Malcolm Youngek AC/DC utziko du, baina taldeak jarraituko du

Erredakzioa

Rock taldeko sortzaileak "osasun arazoak" direla eta utzi du taldea. AC/DCk facebook webgunean esan duenez, "musika egiten" jarraituko dute.

  • AC/DC BECen. Argazkia: EiTB

    AC/DC BECen. Argazkia: EiTB

Malcolm Young AC/DCeko gitarrista eta sortzaileak taldea utziko du "osasun arazo bat" dela medio. Australiako taldeak facebooken konfirmatu duenez, azken egunetan zeuden zurrumurruak isilarazi nahi izan dituzte, AC/DC desegin zitekeelakoan.

"AC/DCrekin 40 urtez aritu ostean, Malcolm Young gitarrista eta sortzaileak aldi baterako utzi du taldea, osasun arazo bat dela medio Malcolmek eskerrak eman nahi dizkie jarraitzaileei, emango amodio eta babesagatik. AC/DCk Malcolmen eta bere senideen pribatutasuna errespetatzea eskatzen dizue. Taldeak musika egiten jarraituko du", hori da AC/DCk facebooken argitaratu duen oharra.

Bere aldetik, Brian Johnson AC/DCko abeslariak taldea desegingo dela dioten zurrumurruei aurre egin die The Telegraph egunkari britainiarran egindako elkarrizketa batean. Esan duenez, maiatzean Vancouverren biltzeko asmoa dute disko berria prestatzeko. "Maiatzean Vancouverren bilduko gara. Gitarrak hartuko ditugu, ideia eta melodia batzuk joko ditugu. Zerbaitek funtzionatzen badu, grabatuko dugu", azaldu du.

Hala eta guztiz ere, Jonsonek konfirmatu du taldekideren bat (izenik aipatu gabe, baina Malcolm Youngi buruz ari dela dirudi) osasun arazoak izan dituela, baina ezeztatu du hori AC/DCren amaiera litzatekeela.

"Ez dut etorkizunari buruz hitz egin nahi. Gutako bat gaixo dago, baina ez dut horri buruz hitz egin nahi. Tipo harroa eta isila da. Azken 35 urteetan lagunak izan gara eta asko kezkatzen naiz berarengatik", adierazi du.

Taldearen 40. urteurrena dela eta bira egiteko asmoa dute, duela aste batzuk Johnson berak jakinarazi zuenez. Horren harira, zera adierazi du: "Agur esateko modu ezinhobea litzateke". "Gustura egingo genuke, baina dena airean dago", azaldu du.

Horrela, Brian Johnsonek aurre egin die azken egunotan Australiako hedabideetan argitaratu diren zurrumurruei: horien arabera, taldeak agur esango luke Malcolm Youngen osasun arazoak direla medio.