Musika
Kontzertua
Shellac talde mitikoaren post-hardcorea Bilbon, asteartean
Natxo Velez | eitb.com
Steve Albini ekoizle ospetsuaren (Nirvana, Pixies, Berri Txarrak...) taldeak bere bosgarren diskoa aurkeztuko du Kafe Antzokian.
-
Shellac
Shellac Chicagoko kultuzko taldeak rocka, hardcorea eta punka oinarri dituen eskaintza berezkoa jarriko du Kafe Antzokiko agertokiaren gainean, ekainaren 3an, asteartearekin.
Todd Trainer bateriak, Bob Weston baxu-jotzaileak eta Steve Albini gitarristak osatzen dute hirukotea. Itzal handiko ekoizle historikoa da Albini, eta kontaezina da haren arrastoa duten lanen zerrenda: Nirvana, Urge Overkill, Fugazi, John Spencer Blues Explosion, Pixies, Neurosis... Euskal ordezkaririk ere bada errenkada horretan: "Payola" Berri Txarraken diskoan ere lan egin zuen Albinik.
Beren ibilbideko bosgarren diskoa aurkeztuko dute Shellacekoek. Rock independentearen erreferentziazko taldeak rock latz eta amorratua egiten jarraitzen du.
Sarrerak
Sarrerak 15 euroan eros daitezke, Atrapalon, Ticketmaster sarean eta Kafe Antzokiaren webgunean. Leihatilan ere erosi ahalko dira, 18 euroan.