Itxi

Musika

''Turn blue'' aurkeztuko dute

Black Keys, Akrongo garajetik jaialdien agertoki nagusietara

Natxo Velez | eitb.com

Akron (Ohio) hiriko blues-rock bikoa underground hutsetik eta Bilboko areto batean 25 pertsona biltzetik jaialdi nagusietako kartelburu izatera eta eguna joan eguna etorri sarrerak agortzera igaro da.

Dan Auerbachek eta Patrick Carneyk Akron Ohioko (AEB) hirian abiatu zuten beren bidea. Norbaitek hiri horretako airea, ura-edo aztertu beharko luke, bide batez esanda, ez baita oso ohikoa 200.000 biztanleko hiri batean halako jeinu dentsitatea aurkitzea; hiri horretakoak dira, besteak beste, LeBron James eta Stephen Curry NBAko izarrak, Maynard James Keenan musikari handia (Tool, A Perfect Circle) eta David Allen Coe country kantaria, Panterako musikariekin batera Rebel Meets Rebels country-metal esperimentua osatu zuena...

Black Keys talde erraldoia da gaur egun: oso estatus altua du nola beren jaioterrian, AEBn, non ematen dituzten kontzertu orotan sarrera guztiak agortzen baitituzten, hala Europan. Kontinente zaharrean 2012an jaialdi eta pabiloietan eginiko biran arrakasta handia eta oniritzi saldoa erdietsi zituzten. Aurtengo udan ere Atlantikoaren alde honetan joko dute, eta bide horretan ez dute, jakina denez, Bilbo zokoratuko, Bilbao BBK Live jaialdiko agertokian izango baitira.

Akrongoek asmatu dute formularekin, eta onirizpen orokorra lortu dute bere azken bi diskoek: Brothers eta, batik bat, El Camino. Nolanahi den, azken bi horiek ibilbide luze eta emankor baten azken bi mugarriak besterik ez dira, izozmendiaren punta. The Big Come Up (2002) izan zen ibilbide luzearen lehen pausoa, soinu primarioa zuen lana: bateria eta gitarra biluziak, latzak, analogikoan grabatuta eta oso soinu irekian aurkeztua. Blues indartsua zen, Muddy Watersen, Beatlesen eta, lehenengoz, Junior Kimbroughen bertsioak tarteko.

Junior Kimbrough Mississippi iparraldeko bluesmanaren zale sutsuak dira Dan Auerbach eta Patrick Carney, eta musikariaren oihartzuna nabaria da lehenengo eta bigarren (Thickfreakness, 2005) diskoetan, haren kantuak agertzen baitira, bikoak jota. Halaber, 2006an behin betiko omenaldia egin zioten, Chulahoma: The Songs of Junior Kimbrough diskoa bluesmanaren kantuen bertsioz beteta.

The Black Keys Argazkia: Warner

Lehenengo eta bigarren diskoak Patrick Carney bateriak ekoitzi zituen, eta hurrengo bi lanetan (Rubber Factory eta Magic Potion) Auerbach batu zitzaion zeregin horretara; langintza berri horretan eroso aritu zen, gainera, agidanez, bizardun gitarrista eta kantaria, gerora, esaterako, Dr. Johnen diskoak ekoizteaz arduratu baita. Attack & Release bosgarren diskoak, nolanahi den, mugarria ezarri zuen taldearen soinuan, eta oso nabaria da bertan ekoizpen lanen izar bat, Danger Mouse (Gorillaz, Gnarls Barkley, Beck, Norah Jones...), aritu zela, taldearen kantuetarako eta soinurako iragazki gisa.

Harreman horren jatorria, gainera, oso bitxia da: nork eta Ike Turnerrek jarri zituen harremanetan Danger Mouse eta Black Keysekoak. Danger Mouse Tina Turner artistari tratu txarrak ematen zizkion senar ohiaren lan berria egiteko arduraduna zen, eta Akrongoengana jo zuen, proiekturako abestiak idazten lagun ziezaioten. Proiektua, baina, oztopo saihestezin batek gelditu zuen: Ike Turner hil egin zen. Dena den, Danger Mousek eta blackkeystarrek egindako kantu eta zirriborroak bikotearen bosgarren diskorako lehen urratsa izan ziren.

Attack & Release diskoak, hain zuzen, mugarria ezarri zuen taldearen ibilbidean, eta geroko bilakaeraren, zabalkundearen, ernamuintzat jo daiteke: taldetik kanpoko ekoizle batek gidatutako lehen diskoa ez ezik, garajetik, berezko habitatetik, at, estudio profesional batean grabatutako lehen lana izan zen. Taldea goranzko bidean jarri zuen lanak, publikoaren oniritziari dagokionez bederen, besteak beste, "I Got Mine" kantaren arrakastari esker. Gaur egun ere, kontzertuak ixteko erabiltzen dute kantu biribil hori.

Attack & Release horren eta hip hop eszenako musikariekiko lankidetza batek ekarri zuen beste lan baten ostean, Brothers disko handia etorri zen, arrakasta lortzeko, publiko orokorrarengana hurbiltzeko, aldapan koska bat gorago jarri zituen lana. Aurretik, halere, Auerbachen eta Carneyren arteko harremana gaiztotu egin zen, nola hegoamerikar telesailetatik ateratakoak ematen duten gai pertsonalak (Auerbachek ezin zuen Carneyren emaztea –egun, emazte ohia– aguantatu) hala arrazoi profesionalak (Auerbachek, Keep it Hid disko nabarmenarekin, bakarkako ibilbideari ekin zion) tarteko.

Behin ur harrotuak baretuta, musikariak Brothers diskoan lanean hasi ziren, berriz ere Danger Mouse alboan zutela, eta soinua are gehiago zabaldu zuten, blues sustraiei tinko eutsita baina soul ukituak erantsita eta bikotearen proposamen basatia samurtuz: atzealdean teklatuak dituztela, doinu modernoagoak eta Auerbachen ahotsean erregistro altuagoak erabiliz, Iparramerikako musika sustraiduna abiapuntu hartuta poparekin ia jolasean aritzeko...

"El Camino" azken diskoan, berriz ere Danger Mouseren laguntzaz (hainbat kantu hirurek sinatzen dituzte), bide zabalago horietan gustura ibili zen bikotea. Gainera, arrakastaren zurrunbilora lerratuta dabiltza Black Keysekoak, aske: han-hor-hemen, jaialdien kartelen buruan daude, eta munduan inork gutxik ez ditu entzun "Lonely boy", "Gold on the celling" eta disko horretan barreiatutako beste hamaika altxor.

Bilbao BBK Live jaialdian emango duten zuzenekoan, ez dira faltako, ezta gutxiago ere, Brothers eta El Camino diskoko kantuak, eta Turn Blue disko berriko kantuak ere sartuko dituzte, baita antzinagoko kantuak ere noski. Agertokian, txandakatu egiten dira Auerbachek eta Carneyek biko gisa jotzen dituzten tarteak eta gitarrak, teklatuak zein baxuak jotzen dituzten musikari osagarriek lagunduta egiten dituztenak.

Ikuskizunari dagokionez, argitzeko dago zer eramango duten bira honetako agertokiak apaintze aldera, baina taldeak ez du orain arte muntaia erraldoirik erakutsi. Madison Square Gardenen 2012ko martxoan emandako kontzertuan, agertokiaren atzealdean irudiak proiektatzen zituzten jotzen ari zirela, eta hori zen dena. Bitxia zen, led argi, plataforma eta show milimetratuen aroan, Auerbach anplifikagailu txikiari kable labur kiribildu batez lotuta ikustea. Hala berean iraun du bikotearen musikak bluesari lotuta.