Musika
Music Legends
Johnny Winterren kontzertua, Bilboko BBK Aretoan
Blues eta rock estiloetako gitarrista mitikoak kontzertua eskainiko du gaur Bilboko BBK Aretoan, 20:00etatik aurrera, Music Legends zikloaren baitan.
-
Johnny Winter. Foto: Sala BBK
Johnny Winter blues eta rock estiloetako gitarrista mitikoak kontzertua eskainiko du gaur, maiatzak 12, Bilboko BBK Aretoan, 20:00etan, Music Legends zikloaren baitan, aretoko iturriek jakinarazi dutenez.
"Maiatza blues elektrikoaren ikurrarentzat izango da, Woodstockeko oinordekoarentzat. Rockak inoiz izan duen albino famatuena, blues-rockaren kondaira bizia, genero honetan ezinbesteko diren diskoen egilea. Zuzenean inor gutxi bezain mirestua, aukeratua, slide gitarrarekin handienetakoa", nabarmendu dute.
John Dawson 'Johnny' Winter (Beaumont, AEB, 1944), blues eta rock gitarrista estatubatuarra da, 1960ko hamarkadaren amaieratik "kondairazko izarra" blues elektrikoaren munduan. Woodstockeko jaialditik bizirik dirauten musikarietako bat da, jaialdi hartan emanaldia egin zuenean legenda zena.
San Frantziskon Janis Joplinekin, Quicksilver Messenger Service taldearekin eta beste hamaika banda historikorekin jo zuen. Gero, New Yorken Jimi Hendrix ezagutu zuen eta, Steve Paul managerrarekin batera, Columbia diskoetxearekin kontratu handia sinatu zuen.
1971n "Johnny Winter And" plazaratu zen, bere lan nagusia, askoren ustez, artista ezagunen abestiak "era azkar eta garratzean" moldatuz, The Rolling Stonesen "Jumpin' Jack Flash" eta Winwood/Capaldiren "No time to live", esaterako.
Bere diskoek gero eta gehiago blues gogorreranzko joera hartu zuten eta 1970eko hamarkadaren bukaeran Muddy Waters blusman handiaren zenbait disko ekoitzi zituen, besteak beste. Azken honekin bi Grammy sari lortu zituen.
2004an itzuli zen, "zerbait esateko zuelako", zortzi urtean argitaratu zuen lehen bildumarekin: "I'm a Bluesman". Kritika bikainak eta Grammy sarietarako izendapena lortu zituen. 2009an beste bilduma bat atera zuen, abesti ezagunenekin moldatua: "The Johnny Winter Anthology".
Horrela, "kondairazko gau berri bat" izango da gaur BBK Aretoan, blues-rockaren hainbat klasiko entzungo baitira, hala nola "Good Morning Little Schoolgirl", "Got my mojo working", "Bonnie Moronie", "Jumpin' Jack Flash" edo "It's all over now".