Itxi

Musika

Kontzertua ekainaren 20an

Ara Malikian, Unamunoren omenez, Bilbon

Erredakzioa

Bidebarrieta liburutegiko ekitaldi aretoan izango da, 19:30ean hasita, eta sarrerak 10 euroan eskura daitezke. Fernando Egozcue gitarrista buru duen laukote batek lagunduta joko du Malikianek.

  • Ara Malikian eta Fernando Egozcue

    Ara Malikian eta Fernando Egozcue

Ara Malikian biolin-jotzaile libanoarrak Miguel de Unamunoren omenezko kontzertua eskainiko du ekainaren 20an, Bidebarrieta Kulturguneak eta Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak idazle bilbotarraren jaiotzaren 150. urteurrena gogoratzeko antolatu dituzten ekitaldien barruan. Musikaria Fernando Egozcue gitarra-jotzaile argentinarraren laukotearekin batera taularatuko da, "Begiak itxita..." izenburuko kontzertua eskaintzeko.

Emanaldia Bidebarrieta liburutegiko ekitaldi aretoan izango da, 19:30ean hasita, eta sarrerak liburutegian bertan egongo dira salgai, kontzertuaren egunera arte, hamar euroko prezioan, antolatzaileek prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez.

Ara Malikian armeniar jatorriko biolinista Alemaniara joan zen ikastera, beka batekin, 15 urte besterik ez zuela. Han hasi zuen ibilbide musikala, "bere ibilaldi geografiko eta estilistiko luzea".

Gaur egun, Madrilen bizi da, eta musika klasikoko hainbat talderekin kolaboratzen du, baita flamenko artistekin, jazz kantariekin eta zinemako soinu banden sortzaileekin ere. Era berean, dibulgazio arloko lan handia egin du musika klasikoaren alde, besteak beste, telebistan.

Alemaniako Kultura Ministerioak ematen duen Jardun eta Betetze Artistikoaren Saria, ikuskizun eszenikorako konposizio musikalik onenaren arte eszenikoetako Max saria eta bi Musika Sari eskuratu ditu, musika berrien disko onenaren eta musika klasikoko interprete onenaren kategorietan.

Bidebarrietan aurkeztuko duen "Begiak itxita..." ikuskizunean, Fernando Egozcueren musika izango du lagun, jatorri argentinarra eta jazz eragin nabarmenak dituena. Egozcue gitarristarekin batera, Miguel Rodrigañez kontrabaxu-jotzailea, Martin Bruh perkusio-jotzailea eta Moises Sanchez piano-jotzailea taularatuko dira.