Itxi

Musika

Heriotza

Rafael Frühbeck de Burgos orkestra zuzendaria hil da, Iruñean

Erredakzioa

Zuzendari burgostarrak 80 urte zituen, eta Bilboko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari izan zen, 1958tik 1962ra. Donostiako Orfeoiarekin ere aritu zen.

  • Rafael Frühbeck de Burgos. Argazkia: Efe.

    Rafael Frühbeck de Burgos. Argazkia: Efe.

Rafael Fruhbeck de Burgos hil da gaur goizean Iruñean, 80 urte zituela, apirilaren 13tik, minbiziak jota, Nafarroako klinika batean ospitaleratuta egon eta gero, familiak iragarri duenez.

Goizeko bederatziak jotzear zeudela hil da zuzendaria, martxoaren 15era arte gelditu gabe lanean jardun ostean. Egun horretan, Kennedy Center Washingtongo aretoan AEBko hiriburuko Orkestra Sinfonikoa zuzentzen ari zela, zorabiatu egin zen.

AEBtik itzultakoan, seme-alabek, biak ere medikuak, Nafarroako Unibertsitate Klinikan sartzea erabaki zuten, eta bertan egon da apirilaren 13tik.

Frühbeck de Burgos, Rafael Frühbeck Frühbeck, ezizenean eraman duen hirian jaio zen, 1933ko irailaren 15ean, eta Ataulfo Argenta hil zenetik nazioartean oihartzun handiena izan duen orkestra zuzendari espainiarra izan da, adituen esanetan.

Danimarkako Orkestra Sinfonikoaren zuzendari titular eta Espainiako Orkestra Nazionalaren zuzendari emeritua zen.

BOS, bere "orkestra kutuna"

Ohar batean gogorarazi dutenez, Frübeck de Burgos Bilboko konpainian izan zen lehenengoz zuzendari titular, 25 urte zituela.

Lehen etapa horretan, 1958 eta 1962 artean, Burgosen jaiotako zuzendariak 39 aldiz zuzendu zuen BOS, bere "orkestra kutuna". Guztira, gerora ere, 122 aldiz zuzendu zuen.