Musika
'The endless river'
Pink Floydek disko berria aterako du urrian
Erredakzioa
"The Division Bell" (1994) egiteko grabazioetatik hartutako saioak dira lan berriaren ernamuina. Gilmourrek eta Nick Mansonek garatu dituzte kantuak, Rick Wright zenaren ekarpenak kontuan izanda.
Pink Floyd britainiar talde mitikoa bueltan izango da urrian, The Endless River lan berriarekin, The Division Bell azken diskoa atera zutenetik hogei urte joan direnean. Berriki berrargitaratu dute estudioko azken lan hori.
Albistearen berri Polly Samsonek, David Gilmourren emazteak, eman du, Twitterren. Mezu horretan, lan berria The Division Bell grabatzeko saioetako material argitaragabeak osatuko duela esan du.
Gainera, Durga McBroom-Hudson 80ko eta 90eko hamarkadetan taldeko korulari izandakoak beste mezu bat argitaratu du, Facebooken. Horretan, albistea berretsi egin du.
Roger Waters gabe
"Hastapenetan, musika instrumentala zen, baina abenduan kantu batzuetan ahotsak sartu nituen. David Gilmourrek horietako batzuetan lan egin du, eta ahots nagusia berak jarri die", esan du McBroon-Hudsonek.
Kantu berriok Gilmourrek garatu ditu, Nick Mansonekin batera. Gainera, Rick Wright 2008ko irailean hildako taldekideak ere parte hartu zuen lanetan. Taldeak ez du argitu Roger Watersek proiektuan parte hartu ote duen, baina litekeena da egitasmotik at egon izana.