Itxi

Musika

'Ahul zegoen'

Johnny Winter bluesmana hil da

Erredakzioa

Musikaria gaur hil da, Zurichen (Suitza), Jenda Darringerrek, Rick Darringer Winterren taldekidearen emazteak, iragarri duenez. Maiatzean Bilbon aritu zen zuzenean Winter.

Johnny Winter blues eta rock musikaria, gitarrista eta abeslaria, hil da, Zürichen.

"Johnny goizean goiz hil da, Zürichen. Osasun aldetik makal zebilen azkenaldian, oso ahul", idatzi du Jenda Darringerrek Facebooken, American Blues Scene aldizkariak iragarri duenez.

Winter Beaumonten (Texas, AEB) jaio zen, 1944an, eta entzute handia zuen blues eta rock eszenetan; nazioarteko musikari askok aipatzen zuten eragin gisa. Blues rocka eta AEBko Hegoaldeko rocka maisuki uztartu zituen bere ibilbide luze eta oparoan.

1968an izan zen lehenengoz haren berri, Mike Bloomfielden kontzertu batean musikari gonbidatu izan zenean. Emanaldi hartan zegoen Columbia Records diskoetxeko langile batek fitxatu eta 600.000 dolarreko aurrerakina eman zion.

70eko eta 80ko hamarkadan zabaldu zen gehien haren ospe maila, eta Muddy Waters eta John Lee Hooker miretsiekin lanean jardun ahal izan zuen.

Hogei bat disko argitaratu zituen, eta 7 aldiz izendatu zuten Grammy sariak irabazteko. Gainera, Rolling Stones aldizkariak 63. postuan kokatu zuen inoizko gitarrista onenen zerrendan.

Winterrek azken unera arte jardun du bere musika handik-hortik-hemendik zabaltzen. Maiatzean Bilbon jo zuen, eta irailean Step Back disko berria argitaratzekotan zen.