Musika
112 kontzertu
Donostiako 49. Heineken Jazzaldiak 140.000 lagun bildu ditu
Erredakzioa
Antolatzaileak oso pozik agertu dira Gipuzkoako hiriburuko jazz jaialdiaren balorazioa egitean. Eta 50. edizioari begira jarri dira dagoeneko.
Donostiako 49. Heineken Jazzaldia "poztasun giroan" amaitu dute antolatzaileek, “programatutako jarduera ugarietara joan den ikusleen kopuru handiak eta komunikabideetan argitaratu diren erreferentzia onek berretsi egin baitute jaialdiaren arrakasta”.
Jaialdiaren arduradunek egindako balantzearen arabera, aurtengo edizioak 140.000 ikus-entzule bildu ditu, haietako 12.650 ordainpeko kontzertuetan.
Programazioak 112 kontzertu biltzen zituen, horietatik 78 doakoak, hirian zehar banatutako 17 agertokietan. Ohikoa den bezala, jaialdiaren "jazz esentzia" Trinitate plazan, Kursaal auditoriumean eta Victoria Eugenia antzokian bildu zen.
Topagunearen antolatzaileek adierazi dutenez, aurten inoiz jaialdian bizitako unerik zirraragarrienetako bat gozatu da, Bobby McFerrin Chick Corea eta Stanley Clarke ematen ari ziren kontzertura bat zenekoa.
Jaialdiko beste une hunkigarri bat Akiyoshik Donostiako Jazzaldia saria jaso zuenekoa izan zen; antolakuntzak pianista eta orkestra zuzendari japoniarraren ezaugarri gizatiar eta artistikoak nabarmendu zituen. Akiyoshik kontzertu txiki bat eskaini zuen eta haren ostean ekitaldira bertaratutako kazetarien galderei erantzun zien.