Musika
Jaialdia
Festilasaik Biarritz hartuko du asteburuan, Gojira taldea buru dela
Natxo Velez | eitb.com
Ostiralean hasiko da jaialdia, hiri kultura eta musika nahasita. Larunbatean, Sick of it All eta Big Red egongo dira, besteak beste, eta, igandean, Gojira lapurtar-landestar arrakastatsuak.
-
Gojira
Jaialdiaren izenak dioenaren kontra, lasaitasunak ez, baizik eta hiri kulturak eta musikak hartuko dute Biarritz asteburu honetan, ostiraletik, hilak 1, igandera arte, hilak 3. Festilasai skatearen eta musikaren inguruan sortutako jaialdiaren antolatzaileek egitarau oparoa prestatu dute hiru egunerako, “Euskal Herrikoak, udatiarrak, aurrekontu txikia edo handiagoa dutenak eta musika, kirol eta kultur gustu desberdinak dituztenak” asetzeko.
Ostiralean, sarrera doan dela, kale artearen erakusketa bat, skate erakustaldia, “Orties Royales” erakusketa eta “Le skate moderne” filmaren proiekzioa izango dira lapurtar udalerrian. Gauean, Kepak eta La Souche Rockek ingurua girotuko dute.
Larunbatean, skate lehiaketa eta erakustaldiek jarraituko dute, eta kale artisten lana ikusteko parada handiagoa egongo da. Iluntzean, Sick of it All newyorktar hardcore talde mitikoak gidaturik, musika itzuliko da kostaldeko ingurura. Haien indarraz gain, Big Red ragga taldearen, DJ Mouleren, Betty the Shark taldearen eta Banda Hastaren proposamenez gozatzeko aukera ere izango da. Eguneko sarrerak hamar euroan izango dira.
Igandean, Gojira metal taldearen txanda helduko da. Baionan sortutako laukoteak toki nabarmena egin du nazioarteko metal eszenan dagoeneko, bost diskori esker. Haien erritmo bortitz, berritzaile eta harrigarriek Metallicarekin, Machine Headekin, Mastodonekin eta metalaren beste izen handi askorekin jotzera eraman dituzte. Ondoan, Madeleine gipuzkoar post rock talde azpimarragarria, Los Cojonudos eta Vanda Palium izango dira. 15 euroan salduko dute eguneko sarrera.