Itxi

Musika

Urriak 31 eta azaroak 1

The Kooks, Holy Ghost! eta Anna Calvi ere BIME Liven egongo dira

Erredakzioa

BECen egingo duten jaialdian The National eta Placebo kartelburuekin batera zein talde egongo diren argitzen doaz antolatzaileak. Bonuak 57 euroan daude salgai.

  • The Kooks, Dcode jaialdiko kontzertu batean. Argazkia: Efe.

    The Kooks, Dcode jaialdiko kontzertu batean. Argazkia: Efe.

BIME Live jaialdiaren antolatzaileek programazioa iragartzen jarraitzen dute. The National eta Placebo egun banatako talde nagusiekin batera, proposamen ezberdin asko egongo dira: Mogwai, Macy Gray, Basement Jaxx, Mando Diao, The Divine Comedy, Billy Bragg, Imelda May eta Thurston Moore. Bada zerrenda horri lau izen gehitu dizkiote gaur: The Kooks, Holy Ghost!, Anna Calvi eta The Barr Brothers.

The Kooks laukote britainiarrak indie rock estiloa egiten du, eta 2006an kaleratu zuen lehen diskoa: "Inside In/Inside Out"; bi milioi aletik gora saldu zituen mundu osoan, eta Erresuma Batuan gehien saldutako LPetan bigarrena izatera ere heldu zen. Haren ostean, "Konk" (2008) eta "Junk of the Heart" (2011) argitaratu zituzten, eta irailaren hasieran izango da kalean "Listen" lan berria.

Bestalde, Holy Ghost! synthpop bikotea Brooklyndik (New York) dator, Nick Millhiser eta Alex Frankel kideek osatua. Moby, Cut Copy eta MGMT taldeen nahasketak egin dituzte, LCD Soundsystemekin jo dute eta orain arte bi lan kaleratu dituzte: "Holy Ghost!" 2011n eta "Dynamics" 2013an.

Halaber, Anna Calvi "ahots ederreko eta zuzeneko indartsuko" konpositore eta gitarrista da, kritikariek behin baino gehiagotan esan dutenez. Bi disko argitaratu ostean, "Strange Weather" EPa da bere lan berriena. Duela aste batzuk argitaratutako lan honetan, David Byrnek parte hartu du.

The Barr Brothers folk laukote kanadarra da BIME Live! egitaraura oraingoz gehitu den azken taldea; bere bigarren lana aurkezten izango da: "Sleeping Operator".

Bonua irailaren 4ra arte erosi ahalko da 57 euroko prezio berezian.

Orain arte, talde hauek iragarri dituzte urriaren 31n eta azaroaren 1ean BECen egingo dute jaialdirako: The National, Placebo, The Kooks, Mogwai, Macy Gray, Basement Jaxx, Mando Diao, The Divine Comedy, Billy Bragg, Imelda May, Thurston Moore, Holy Ghost!, Anna Calvi, Delorean, FM Belfast, The Orwells, Jeff The Brotherhood, Zea Mays, Fuel Fandango, La M.O.D.A., Go Go Berlin, Audience, Dawn Landes, The Coup, Joe La Reina, Chris Garneau, The Barr Brothers, Smile, My Sad Captains, Tania de Sousa, Señores, The Weapons, Gose, John Berkhout eta Kometa.