Itxi

Musika

Heriotza

Peret musikari kataluniarra hil da Bartzelonan, 79 urte zituela

Erredakzioa

Minbizia dela eta zendu da artista. Goizean zehar haren heriotzaren zurrumurruak zabaldu dira, eta familiak gezurtatu egin dituen arren, geroago musikariaren ordezkariak hil egin dela baieztatu du.

0:34

Pere Pubill Calaf 'Peret' abeslaria hil da gaur, asteazkena, 79 urte zituela, Bartzelonako Quiron Ospitalean. 14:00ean zendu da, biriketako minbizia dela eta, familiaren bozeramaile Toni Garcia eta Joan Planas managerrak 15:00ean jakinarazi dutenez.

Ordu batzuk lehenago, artistaren heriotzaren zurrumurruak zabaldu dira, baina haren managerrak esan du Pereten osasunak ez duela okerrera egin. Generalitatak ere haren heriotzaren berri eman du, nahiz eta familiak berria gezurtatu duen. 15:00ean, baina, heriotzaren baieztapen ofiziala iritsi da.

Kataluniako rumbaren gurasoetako bat zen Peret, eta egunak zeramatzan egoera oso larrian, lasaigarriekin. Eszenatokiak utzi eta hilabetera zendu da.

Pereten webgune ofizialak uztailaren 30ean eman zuen abeslariaren minbiziaren berri, eta gaixotasunari "osotasunez eta baikortasunez" egingo ziola aurre eta laster eszenatokietara itzuliko zela adierazi zuen. Astelehen honetan, ordea, Manresako XVII Fira Mediterrania jaialdian aurkeztu behar zuen 'Peret als barris de Manresa' ikuskizuna bertan behera utzi zuen.

Peret Los Corrales de Mataroko ijitoen auzoan jaio zen 1935eko martxoaren 24an, eta lau urte zituela, Bartzelonako Salvadors kalera joan zen bizitzera. Ondoko Cera kalean hasi zen abesten.

50 urte baino gehiagoko ibilbidean, Kataluniako rumbaren aita izan zen, eta "Una lágrima", "El gitano Antón" eta "Borriquito" bezalako abestiak utzi zituen.

Pedro Pubill Calaf,  Peret

"Canta y sé feliz" kantuarekin Espainia ordezkatu zuen 1974. urteko Eurovision jaialdian.

Gainera, "Gitana hechicera" abestia konposatu zuen, 1992ko Bartzelonako Olinpiar Jokuetako kanturik ezagunenetako bat izan zena.