Itxi

Musika

Jaialdia

Getxo, munduko musiken hiriburu

Erredakzioa

Hilaren 4tik 7ra, hamaika kontzertu izango dira kostaldeko herrian: Hasteko, Ara Malikian, Oreka TX eta Kalakan batera aritu ziren; Chambao, Capercaillie eta Osibisa taldeen txanda da orain.

  • Lamari Chambaoko burua, Txilen emandako kontzertu batean. Argazkia: Efe.

    Lamari Chambaoko burua, Txilen emandako kontzertu batean. Argazkia: Efe.

Ara Malikian biolin-jotzaileak eta Oreka TX eta Kalakan taldeek Getxoko Nazioarteko Folk Jaialdia zabaldu zuten ostegunean "Sustraiak"ekin, musikaldirako beren-beregi prestatu duten ikuskizunarekin. Areetako Geltokiko Plazan, Erdialdeko Europako eta Ekialde Erdikoko musikak, flamenkoa eta tangoa uztartzen dituen ikuskizuna taularatu zuten. Horiei, esan gabe doa, txalaparta eta perkusioa gehitu zizkieten euskal ordezkariek.

Bigarren jardunaldian, Chambao Malagako taldea aritu zen. Flamenkoa eta chill out musika nahasten abiatu zuten ibilbidea, eta, 12 urteko bide arrakastatsuan, Mediterraneo aldeko eta Andaluziako doinuak gehitu dizkiete beren sormen lanei.

Hilaren 6an, Osibisa Karibeko eta Afrikako soinuak uztartzen aitzindari izan zen taldearen txanda izango da. Afrikar musikarien belaunaldi askotan izan dute eragina beren doinuek, eta afrikar sustraiei beste musika batzuen erritmoak gehitzen dizkete: rhytm and bluesa, rocka…

Kontzertu nagusien zerrenda Capercailliek, musika zeltako talde handienetako batek, itxiko du. Eskoziar taldeak gaelikoz kantatzen du, eta, kantu modernoetan, tresna akustikoak ez ezik, soinu elektrikoak eta ekoizpen teknika garaikideak ere erabiltzen ditu.

Arratsalderoko kontzertuetan, Euskal Herriko, Gaztela eta Leongo, Iberiar Penintsula barrualdeko eta Argentinako tango doinuak proposatuko dituzte Garikoitz Mendizabalek, Hexacorde eta Vanesa Muelak, La Bazancak eta Fernado Valsega eta Exilio New Tangok.