Musika
'Malgu da gaua'
Chopinen lanak berridatzi dituzte Arkaitz Mendozak eta Harkaitz Canok
Natxo Velez | eitb.eus
Arkaitz Mendoza pianistak Frederic Chopinen ‘Nokturnoetako’ batzuk aukeratu, eta Harkaitz Canok doinuok iradokitakoak idatziz jarri ditu ‘Malgu da gaua’ Etxepare Institutuak kaleratutako lanean.
-
Musika eta literatura uztartu dituzte 'Malgu da gaua' disko-liburuan
Arkaitz Mendoza piano-jotzaileak joko-eremua zein den zehaztu, Frederic Chopin poloniar maisuaren “Nokturnoak” saileko hamazortzi lanetako zortzi eta bi pieza postumo aukeratu, eta Harkaitz Cano idazleak horiek burura zekarzkiotenak paperean islatzera bultzatu du.
“Sen hutsak, arrazoi hutsak bezala, deus balio ez duenez, bien nahasketari” heldu dio Harkaitz Canok “Malgu da gaua” disko liburuan dagokion zatia idazteko, Arkaitz Mendozak jotako doinuei hitzak jartzeko.
Mendozak azaldu duenez, Nokturnoak izaera askeko musika egiturak dira, deskribatzaileak, zirikalariak eta fantasiaz betetakoak, eta, hartara, interpretaziorako egokiak.
Etxepare Euskal Institutuaren Euskal Sortzaileak Mari Jose Olaziregik zuzendutako sailean argitaratu berri dute lana, hiru hizkuntzatan, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez, paperean zein Sarean.
Hilaren 19an, Arkaitz Mendoza Victoria Eugenia antzokian izango da, lanok jotzen.