Publizitatea
Itxi

2015/01/30

11:29

Musika

Larunbatean, hilak 31

Governors: 'Xehetasun guztiak zaindu ditugu zuzenekoa grabatzeko'

Natxo Velez | eitb.eus

Estudioko lau disko argitaratu eta gero, Governors taldeak zuzeneko diskoa grabatuko du larunbatean, hilak 31, Bilbon, Santana 27 aretoan.

  • Argazkia: Governors

    Argazkia: Governors

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Governors taldearen zuzenekoak ikusgarriak dira, hitzaren zentzurik behinenean; asko zaindu izan du taldeak emanaldien alde bisuala: suak, argi joko bereziak, janzkera…

Larunbatean, lau diskoko ibilbidearen lagin bat betikotuko dute eta, soinu euskarrian ez ezik, ikus-entzunezkoan ere grabatuko dute Bilboko Santana 27 aretoan egingo duten kontzertua, laster DVD eta CD formatuetan argitaratzeko asmoz.

21:30ean hartuko du agertokia Governorsek, baina, 20:30etik, Elepunto DJa egongo da giroa berotzen Bolueta auzoko aretoan.

Taldeko abeslariak, JSang-ek, proiektuaren nondik norakoak azaldu dizkigu.

Estudioko lau disko atera dituzue zortzi urteko ibilbidean, eta orain zuzenekoa grabatzeko erabakia hartu duzue. Zerk eragin du erabaki hori? Zergatik grabatu nahi duzue zuzenekoa?

Beti egin nahi izan dugu horrelako bat, baina inoiz ez dugu nahi dugun moduan egiteko aukera izan. Eta Baga-Bigak proposatu zuenean, buru-belarri jarri ginen dena prestatzen.

Etaparen bat itxi edo zabaldu dela adierazten dute askotan zuzenekoek. Badago horrelakorik zuen erabakiaren atzean?

Agian bai, sentsazio hori ematen du DVD bat grabatzen denean. Eta guri ere gertatzen zaigu hori. Guk lanean jarraituko dugu berdin-berdin, baina egia da nolabait aurreko diskoak alde batera uzten direla eta gauza berriak egitea errazagoa dela, ideiak berrituz.

Zortzi urteko ibilbidearen zein hausnarketa egiten duzue? Nola azalduko zenukete taldearen bidea?

Lana, lana eta lana… Poz-pozik gaude lortzen ari garenari begiratuz: ezagutu dugun jendea, herriak, taldeak… Baina argi dago momentu latzak ere pasatu ditugula, talde guztiek bezala, eta horiek gainditzeko modu bakarra ilusioa izatea eta lan egitea dela uste dugu.

Definitu hitz gutxitan disko bakoitza.

Itxaron beharra ez da itxaropena: Rockeroa, zuzena eta ilusioz beteriko diskoa, lehena izateagatik.

Frenetikodrome: Aurrekoa baino melodikoagoa baina indartsua.

Collage: Oso melodikoa eta estribilloak oso landuak.

Morphinapolis: Agian gure diskorik gogorrena, melodiak alde batera utzi gabe.

Zer espero dezake urtarrilaren 31n Santana 27ra doanak? Zer-nolako emanaldia izango da?

Izugarrizko show-a egiten saiatuko gara. Espero dugu jendeak etortzea merezi izan duen sentsazioa izatea eta biziko dutena ahaztea zaila izatea.

Sorpresa guztiak zapuztu barik, noski, baina kolaborazio edo ustekabekoren bat aurreratzerik? Zer kantu ez dira faltako?

Sorpresak sorpresa dira eta isilpean mantentzea hobeto… Abestiei dagokienez, gure fan-en laguntza izan dugu: haiek lagundu digute set list-a egiten. Kontzertuan zein kantu jotzea nahi zuten galdetu genien, eta, horretan oinarrituta, aukeraketa egin dugu. Eskerrik asko denei!

Alde bisualari garrantzi handia eman izan diozue beti Governorsen. Alde horretatik ulergarria da DVDa ere grabatzeko asmoa…

Bai! Gauza hauek ezin dira ikusi estudioko disko arrunt batean, eta taldea bere osotasunean ikusi ahal izateko ezinbestekoa dela uste dugu.

Zuzeneko diskoekin gauza berezia gertatzen da: batzuek gorroto egiten dituzte eta saltzeko aitzakia huts gisa ikusten dituzte, baina beste batzuk musikaren historian daude (“Made in Japan”, Jimi Hendrixen Monterreyko kontzertua, James Brownek Apollon grabatu zuena, Ramonesen “It’s alive”…). Musikaren historiako zein zuzeneko gomendatuko zenuke? Zein hartu duzue eredutzat?

Seguru asko taldeko kide bakoitzak bere zuzeneko gustukoena izango du, baina niri gehien gustatu zitzaizkidanak hauek dira: “Live…Priest!”, “Live after death” (Iron Maiden), “Live in Budapest” Queen taldearena…

Egia da talde askok zuzeneko gehiegi atera dituztela, eta askotan badirudi zerbait berria era erraz batean atera behar dutelako egiten dutela. Gure kasuan, behintzat, ez da erraza izan… Xehetasun guztiak oso landuta daude eta horrek lan asko eskatzen du, eta gure helburua ez dira salmentak.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea:
  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;