Musika
Lau sari eskuratu ditu
Sam Smith, Grammy Sarietako erregea
Erredakzioa
Sarietako erregea izan da Sam Smith, eskuratutako lau sariei esker: urteko abestirik onena, grabazio onena (biak ‘Stay With Me’ abestiagatik), ahosdun pop disko onena eta artista berri onena.
Sam Smith britainiarrak sentsibilitatea eraman du bart Grammy Sarietako 57. ediziora. Guztira, lau sari eskuratu ditu, tartean abesti onenari eta grabazio onenari dagozkionak. Hala ere, Beck-ek irabazi du urteko disko onenari saria.
“Nire bikotekide ohiari eskerrak eman nahi dizkiot. Eskerrik asko iaz bihotza apurtu izanagatik; horri esker lau Grammy irabazi ditut”, adierazi zuen Sam Smithek atzoko ekitaldian.
Sarietako erregea izan da Sam Smith, eskuratutako lau sariei esker: urteko abestirik onena, grabazio onena (biak ‘Stay With Me’ abestiagatik), ahosdun pop disko onena eta artista berri onena.
Beyonce eta Pharrel Williams ere garaile atera ziren atzoko sari-banaketatik: hiruna sari eraman zituzten etxera.
Hala ere, Beck abeslariak ustekabean irabazi zuen urteko disko onenari saria. ‘Morning Phase’ bere azken lanarekin rock disko onenari saria ere eskuratu zuen.
Hiru ordu eta erdiko gala izan zen atzokoa eta guztira 23 antzezpen eta 26 abesti eskaini zituzten lehen lerroko hainbat artistek.
Saioa indartsu hasi zen, AC/DC taldearen aurreneko agerraldiari esker. ‘Rock or Burst’ eta ‘Highway to Hell’ abestiekin zoramena eraman zuten Grammy sarietara.
Jarraian Ariana Grande agertu zen oholtza gainean ("Just a Little Bit of Your Heart") eta ondoren Tom Jones eta Jessie J ("You've Lost That Lovin' Feelin'"), Miranda Lambert ("Little Red Wagon"), Kanye West ("Only One"), Madonna ("Living for Love"), Ed Sheeran ("Thinking Out Loud"), Jeff Lynne's ELO ("Evil Woman" eta "Mr. Blue Sky") eta Adam Levine Gwen Stefanirekin ("My Heart is Open") aritu ziren.
Ondoren, Hozier eta Annie Lennoxen txanda izan zen ("Take Me to Church" eta "I Put a Spell on You") eta jarraian Pharrell Williams ("Happy"), Katy Perry ("By the Grace of God"), Tony Bennett eta Lady Gaga ("Cheek to Cheek"), Usher ("If it's Magic"), Eric Church ("Give Me Back My Hometown"), Brandy Clark eta Dwight Yoakam ("Hold My Hand") eta Rihanna, Kanye West eta Paul McCartney ("FourFiveSeconds") agertu ziren.
Saioa amaitzeko, Sam Smith eta Mary J. Blige ("Stay With Me"), Juanes ("Juntos"), Sia ("Chandelier"), Beck eta Chris Martin ("Heart is a Drum"), Beyoncé ("Precious Lord, Take My Hand") eta John Legend ("Glory") igo ziren eszenatokira.
LL Cool J rap abeslariak gidatu zuen saioa eta Madonnarena izan zen agerraldirik ikusgarriena. Princek kulturaren aldeko hitzaldia bota zuen, eta Barack Obama AEBko presidentea ere mintzatu zen, bideo baten bitartez.