Itxi

Musika

Dead or Alive US Tour

Capsula: 'Rocka bizi eta munduko hiri guztietara eraman nahi dugu'

Natxo Velez | eitb.eus

Capsula, Bilbon ezarrita dagoen buenosairestar rock-and-roll taldea, Ipar Amerikan dago, ‘Dead or Alive’ bere azken diskoa, zuzenean grabatutakoa, aurkezteko biran murgilduta.

Martin Guevara (gitarra eta ahotsa), Coni Duchess (baxua eta ahotsa) eta Guantxe Ros (bateria), Capsula hirukoa, Ipar Amerikan biran dabiltza, agertokirik agertoki, otsailaren 13tik, Dead or Alive (Gaztelupeko Hotsak) Biarritzen, Donostian eta Bilbon grabatutako diskoa aurkezten.

Hamargarren disko honetan, zuzenekoen sugarra islatu dute; izan ere, agertoki gainean zabaltzen ditu modurik benetakoenean taldeak bere rock doinuak, Conik eta Guantxek sortzen dituzten oinarri erritmikoan sostengatuta, eta Martinen ahotsak eta gitarra zaluek bideratuta.

Birako hitzordu nagusietakoa New Yorkeko kontzertua izango da: East Villageko, NYCko rockaren epizentroko, Webster Hall aretoan izango da kontzertua, martxoaren 14an, eta eitb.eus-ek emanaldirako bi sarrera zozkatuko ditu.

Capsulako kideekin hitz egin dugu, Ipar Amerikako esperientzia zelan doan azal diezaguten.

Hilabete baino gehiagoko bira egiten ari zarete otsailaren 13tik, AEBn eta Mexikon. Zein helburu du kontzertu sortak?

Dead or Alive Bilbon grabatu eta irailean kaleratu genuen diskoa aurkezten ari gara Ameriketako Estatu Batuetan eta Mexikon. Gaztelupeko Hotsak zigiluak merkaturatu du, CD eta binilo formatuetan.

Bira intentsua da, 25 kontzertu. Mendebaldeko Kostaldean hasi ginen, iparraldetik, Seattletik, Tijuanara jaitsi, Arizona eta Texas hegoaldetik alderik alde gurutzatu, Floridan hasi eta Ekialdeko Kostaldetik New Yorkeraino igotzeko.

Bi jaialditan egongo gara: Savannahn (Georgia) da bat, eta Dentonen (Texas) bestea.

Zelan joan dira lehen emanaldiak? Zelako harrera izan duzue?

Lehen kontzertua KEXP Seattleko irrati kate mitikoan izan zen. Bost aldiz egon gara bertan, baina honakoa oso berezia izan da, irratia beste eraikin batera eramaten ari direnez, betiko estudioko azkena izan baitzen. Kevin Cole aurkezleak hartu gintuen, eta entzule gehieneko orduan bota zuten. Laster, bideoak jarriko dituzte Sarean.

Capsula KEXP Foto: Jim Bennett

Argazkia: Jim Bennett

Egun horretan bertan, Sunset aretoan jo genuen, Seattlen. Hiri horretan, fan eta jarraitzaile askotxo ditugu, eta hurrengo egunean, Portlanden, ere erantzun bikaina jaso genuen.

AEBn birak egiten ditugunean, musikako gure heroi asko ezagutzen ditugu, kontzertuetara etortzen baitira. Portlanden, 80ko hamarkadako Wipers taldeko musikariak etorri ziren gure kontzertura; Nirvana, Melvins, Dinosaur Jr. eta beste talde askorentzat eragin handia izan zuen Wipersek, eta harrituta gelditu ziren gure emanaldiarekin. Aurreko biran, Ian MacKaye ezagutu genuen, eta horrelakoak energia transfusioak dira guretzat.

Zelako azpiegitura izaten duzue horrelako biretan?

Aurretiaz prestatzen dugu, denbora asko hartuta, New Yorkeko zigilu batekin eta gure booking agentziarekin; besteak beste, Reverend Horton Heat eta Agent Orange daramatzanarekin. Beraiek arduratzen dira bira egituratzeaz.

AEBn biran urtean birritan egoten garenez, bateria eta anplien bi backline izaten ditugu, kostalde bakoitzeko bat.

Zelakoa izaten da birako egun arrunt bat?

Errepide bateko hotel batean esnatu, amerikar gosaria hartu eta hainbat ordutako bidea egin, AEB osoan zehar, aretora heldu arte.

Egun batetik bestera, San Frantziskon kontzertua ematetik, Tijuana gurutzatu eta gaua Las Vegasen egitera pasatzen gara.

Kontzerturen bat egitarauan azpimarratuta duzue?

Seattle oso garrantzitsua da guretzat: Austinekin batera, Capsularentzat dena hasi zen hiria da. Jaialdiez gain, biraren amaiera historikoa izango da: New Yorkeko Webster Hall aretoa, martxoaren 14an. Itxiera bikaina izango da, jai eta guzti.

Birako une gailenetako beste bat Boiseko Leku Onan bizi genuen. Boiseko Basque Blocken dago, eta atsegin handiz egon ginen, indabak, txipiroiak eta dilistak jaten eta jabearekin, Jose Mari muxikarrarekin, solasean.

Zer alde ikusten dituzue AEBko zirkuituaren barruan eta bertako eta Euskal Herriko eszenaren artean?

Rockaren jatorria AEBn dago, eta hori hiri guztietan igartzen da publikoak zelan bizi duen ikusita. Gaur egun, rock-and-rolla unibertsala da, eta arte da. Hor gaude gu, bizitzeko eta munduko hiri guztietara eramateko. Eta izarrarte horren azpian berdin-berdinak gara edonon.

Zer plan dituzue bira bukatzen denerako?

Jaialdietan egongo gara: Bartzelona, Malaga, Galizia? Eta kantu batzuk grabatuko ditugu, urte erdialdean single berezi batzuk merkaturatuko baititugu.

Apirilean, Kaliforniako bira egingo dugu, eta, abuztu eta irailean, jaialdi batzuk Kolonbia eta Mexikon.