Musika
Abuztuak 1-31
Mahler Chamber Orchestrak zabalduko du Donostiako Musika Hamabostaldia
N.V. | eitb.eus
Musika jaialdiak 9 ziklotan sailkatutako 70 propsamen eskainiko ditu, 30 egunez.
Donostiako 76. Musika Hamabostaldia abuztuaren 1ean hasi eta hilaren 30ean amaituko da. 30 egunotan, jaialdiak ia 70 proposamen eskainiko ditu, guztira 9 sailetan antolatuta, Donostian, Gipuzkoako beste hainbat udalerritan, Araban, Nafarroan eta Iparraldean.
Mahler Chamber Orchestraren, Europako ganbera-talde ospetsuenetako baten, bi kontzerturekin hasiko da Kursaal Auditoriorako diseinaturiko programa sinfonikoa, Manfred Honeck maisuaren agindupean. Horrez gain, agertoki horretatik, beste talde hauek ere pasatuko dira: San Petersburgoko Orkestra Filarmonikoa, Cadaqueseko Orkestra, Koloniako Irratiko Orkestra eta Osloko Orkestra Filarmonikoa
Musika Hamabostaldiaren 76. edizioak, opera eszenaratuarekin izan ohi duen hitzorduarekiko leial, operaren munduko titulu ezagun eta unibertsalenetako bat eskainiko du: G. Pucciniren “Tosca” (Abuztuak 13 eta 15). 50 urte baino gehiago dira hirian azkenekoz taularatu zela.
Oroitzapen-ospakizunen atalean, Jose Maria Usandizaga konpositorearen irudia gogoratuko du jaialdiak (1887-1915), haren heriotzaren 100 urte betetzen diren honetan.
Victoria Eugenia Antzokian, berriz, hiru emanaldi izango dira abuztuaren 4aren eta 24aren artean: José Bros tenorra (abuztuak 4), Grigory Sokolov pianista (abuztuak 10) eta Stradivarias, emanaldi berezia. Horretan, lau kantarik Schubert eta Policeren, Beethoven eta Stevie Wonderren, Rossini eta Queenen obrak kantatuko dituzte.
Ekainaren 5ean hasiko da sarreren salmenta orokorra, webgunean eta Kursaal eta Victoria Eugenia Antzokiko lehiatiletan.