Itxi

Musika

Izar & Star zikloa

Leonard Coheni gorazarre, larunbatean Bilbon

Natxo Velez | eitb.eus

Kafe Antzokiak Leonard Cohen musikari eta idazlearen omenezko gaua ospatuko du larunbat honetan. Agertokian, Doctor Deseok, Audiencek eta Mobydickek kantari beteranoaren ibilbidea laudatuko dute.

"Hallelujah", "Take this waltz", "The partisan", "I’m your man", "Chelsea Hotel #2", "Suzanne"... Zinez luzea da oroimen kolektiboa deitzen den horretan arrastoa utzi duten kanadar artistaren doinu eta hitzak (eta poemak eta eleberriak…).

Cohenek ahots lodi eta sarkorraz maitasunari, sexuari, erlijioari edo bizitzaren adarkadei buruz botatakoek oihartzun etengabea izan dute 60ko hamarkadatik, eta larunbatean, maiatzak 2, eguneratu eta ozendu egingo dira Bilboko Kafe Antzokian, "Izar & Star" zikloaren bosgarren edizioa ixteko.

Leonard Cohenen hitz ezkorrek –"munduko depresibo ez-kimiko handiena" izatea egotzi zion kazetari batek Coheni– Mobydick, Audience eta Doctor Deseoren doinu eta ahotan eta Juan Luis Zabala eta Fermin Etxegoien idazleen bidez hartuko dute agertokia, 22:00etatik aurrera.

Leonard Cohen

Kontzertuan parte hartuko duten artistei kanadar idazle eta musikariari buruzko galdera batzuk egin dizkiegu, nola ezagutu zuten edo haren ibilbidetik zer kantu atsegin dituzten gehien jakiteko.

Gaiza Insunza (Audience)

Nola ezagutu zenuen Leonard Cohen?

Oso gaztetan, "First We Take Manhattan" bideoa ikusi nuen: Cohen banpiro itxurarekin agertzen zela uste dut… Arraroa eta erakargarria iruditu zitzaidan. Urte dezente geroago aitaren disko bilduman Cohenen binilo bat aurkitu nuen, eta, bertan, besteak beste, "Suzanne", "So long Marianne" eta "Hey That´s no way to say Goodbye" abestiak agertzen ziren. Hau izan zen Cohenen mundura bideratu ninduen atea.

Bestalde, aitortu behar dut sarritan beste artista batzuen bidez iritsi naizela Cohenen abestiak ezagutzera; adibidez, "Hallelujah" Jeff Buckleyren bidez ezagutu nuen, eta "Avalanche", Nick Caveren bidez.

Zer irizpideri jarraitu diozu Kafe Antzokiko agertokira zein kantu eramango duzun aukeratzeko?

Ez dakit nahita izan den, baina joko ditugun 5 abestiak oso "popularrak" dira. Hau da, ez da Cohenen jarraitzaile amorratua izan behar hauek ezagutzeko.

Aurrera dezaket haren aro ezberdinak errepasatzen ditugula gure aukeraketarekin, nahiz eta hau ere ez den aurretik erabakitako zerbait izan.

Zergatik izan du, zure ustez, Leonard Cohenen obrak halako irismena eta iraunkortasuna?

Abesti bikainak (bai musika bai letra aldetik), ahots berezia eta pertsonalitate propioa (poeta bat rock izar artean) batzen ditu Cohenek. Hori dela pentsatu nahi dut.

Aukeratu Leonard Cohenen kantu bat

"Hallelujah"

Aukeratu Leonard Cohenen disko bat

"Songs of Leonard Cohen"

 

Eneko Burzako (Mobydick)

Nola ezagutu zenuen Leonard Cohen?

Txikitan. Nire osabak Leonard Cohenen abestiak jartzen zituen etxean, baina, egia esanda, Jeff Buckleyren "Hallelujah" bertsioa ezagutu ondoren, Cohen jaunak egindako abestien inguruan interesa piztu zitzaidan.

Zer irizpideri jarraitu diozu Kafe Antzokiko agertokira zein kantu eramango duzun aukeratzeko?

Azkenean, hiru taldeok akordio batera heldu ginen Cohenek dituen "goxokiak" elkarrekin banatzeko. Nire kasuan, adibidez, "The Partisan" abestia moldatzeko ohorea eduki dut, eta oso pozik nago alde horretatik. Gainera, asko interesatzen zait Cohenen lehenengo garaia, gertuagokoa eta gordinagoa baita.

Zergatik izan du, zure ustez, Leonard Cohenen obrak halako irismena eta iraunkortasuna?

Agian berak daukan puntu poetikoaren errua izan daiteke. Cohenek, abestu baino, askotan "kontatzen" ditu bere kantak, eta, bere ahotsak daukan sakontasunarekin batera,  jendeari hurbildu egiten dio hori guztia.

Bestalde, denborak bakoitza bere lekuan jartzen du, eta gaur egun Leonard Cohen izena inportantea bada zerbaitengatik izango da. Nahiko sinplea da: azken finean, bere lana oso ona da, eta kito.

Aukeratu Leonard Cohenen kantu bat

"The Partisan"

Aukeratu Leonard Cohenen disko bat

"Songs of Leonard Cohen"

Leonard Cohen"