Itxi

Musika

Agur, B.B. King

B.B. King: Adio, bluesa munduratu zuen ikonoari

Natxo Velez | eitb.eus

Miguel Martin Heineken Jazzaldiko zuzendariak, Aitor Cañibano Travellin' Brothers taldeko kideak eta Jon Gurrutxaga musikariak bluesaren maisuari buruzko oroitzapenak kontatu dizkigute.

02:40

Osasun gorabeheratsuak eta diabetesak azkenaldiak susto batzuk eman eta gero, bart itzali da azkenean B.B. King bluesaren totemaren oihartzuna. Lucille gitarra umezurtz gelditu da, eta denari aurre egin ziezaiokeela zirudien ahots sakona isildu egin da betiko.

Mississippiko musikariaren ibilbidea gertutik ezagutu eta bluesak oso gertutik jotzen dituen hiru pertsonarengana jo dugu, musikariaren gainekoak ale diezazkiguten. Hona Miguel Martin Donostiako Heineken Jazzaldiko zuzendariaren, Aitor Cañibano Travellin' Brothers taldeko kidearen eta Jon Gurrutxaga musikariaren erantzunak.

 

Miguel Martin, Heineko Jazzaldiaren zuzendaria

Zer izan da B.B. King bluesarentzat?

Nire ustez, generoa unibertsal bihurtu du; dena izan da bluesean, eta musika lokal bat mundura zabaldu du.

Bluesa musika ezaguna zen lehendik ere, baina berak beste maila batera eraman zuen, XX. mendeko musikari handienetako bat izan baitzen. Atzo, Frank Sinatraren heriotzaren urteurrena izan zen, eta nik haren parean jarriko nuke King.

Bluesaren barruan, bestalde, dena izan da: gitarristarik onena, apika, eta oso kantari handia. Oso soinu berezkoa zuen, lehen notatik antzematen zitzaion bera zela.

Zer oroitzapen dituzu B.B. Kingen inguruan?

Musikaz ari bagara, haren indarra eta komunikatzeko gaitasuna azpimarratuko nituzke.

Maila pertsonalean, B.B. King zazpi aldiz egon da Heineken Jazzaldian, eta musikari oso profesionala zen, muturreraino saiatzen zela esango nuke. Beti agertu zen laguntzeko prest, eguneko 24 orduetan, beste musikariekin, babesleekin?

Aukeratu B.B. Kingen kantu bat

Ez nizuke bat bakarrik esango, baina B.B. Kingekin gertatzen dena da bere edozein kantuko nota bakarra entzunda gogoa berarengana joaten zaizula.

 

Aitor Cañibano, Travellin? Brothers taldeko gitarrista

Zer izan da B.B. King bluesarentzat?

B.B. King historiako handienetako bat izan da, duda-izpirik gabe, eta ez bakarrik beren-beregi musikaren alderditik begiratuta; izan ere, bluesa publiko handiari helarazi zion: globalizatu egin zuen, eta, disko komertzialagoak edo izar handiekin duetoak eginez (Deuce Wild diskoan Eric Clapton, Van Morrison, Rolling Stones, Joe Cocker eta beste asko agertzen dira), musika honetan murgilduta ez zegoen jendea erakarri zuen.

Bluesa zabaldu egin zuen, erro-erroko musikaria zela ahaztu gabe.

Zer oroitzapen dituzu B.B. Kingen inguruan?

Ni gitarrista naiz, eta esango nuke jotzeko nire eragin nagusia bera izan dela; B.B. King sentimendua da, sentiberatasun huts-hutsa.

Bending bat eginez edo nota bakar bat joz, gitarrak negar egitea lortzen zuen.

Aukeratu B.B. Kingen kantu bat

Travellin? Brothersekook beti omendu dugu B.B. King, haren hamaika kantu jo ditugu gure kontzertuetan.

Azkenaldian, ?Sweet Little Angel? jo dugu, sentimendu handiko slow bat. Beti egoten da kantu zerrendan, eta une gorenetakoa izaten da zuzenekoetan.

Orain, inoiz baino are pasio handiagoarekin joko dugu, haren omenez.

B.B. King zena, "Sweet little angel" Buddy Guy, Albert Collins, Jeff Beck eta Eric Claptonekin jotzen

 

Jon Gurrutxaga, musikaria

Zer izan da B.B. King bluesarentzat?

Erreferentzia oso inportantea izan da B.B. King, belaunaldi asko pasatu direlako bera aktibo egon den bitartean. Mitoa izan da: oso estilo berezkoa zuen gitarra jotzeko eta kantatzeko.

Zer oroitzapen dituzu B.B. Kingen inguruan?

Behin ikusi dut zuzenean, Baionako blues jaialdian, eta oso oroitzapen ona daukat. Banda oso on batek inguratzen zuen, eta asko disfrutatu nuen.

Zuzenekoa asko gustatu zitzaidan, nahiz eta gero ez dudan asko jarraitu BB Kingen ibilbidea. Gehiago gustatzen zaizkit blues klasikoa egiten dutenak, aspaldiko soinura jotzen dutenak: Corey Harris, Alvin Youngblood Hart?

Aukeratu B.B. Kingen kantu bat

?Everyday I have the blues?