Musika
Uztailak 9-12
'Luxuzko' hitzordua bluesarekin, uztailean Hondarribian
Agentziak | Erredakzioa
Hondarribia Blues Festivalek 10. edizioa egingo du udan, egitarauan besteak beste Dr Feelgood, Travellin’ Brothers bizkaitarrak eta Bob Stoger Blues Hondarribia saria jasoko duen artista daudela.
-
Travellin' Brothersekoak ostiralean eta larunbatean arituko dira.
Bluesa aurten ere helduko da Hondarribira, urteroko zitan, Hondarribia Blues Festivalen hamargarren ediziorako gertu. Aurten, programa oparoan, denetariko estiloak sartu dituzte: Chicagoko estiloa, big bandak, zydeco…
Aurten, Bob Stroger baxu-jotzaile beteranoa omenduko du jaialdiak, musika genero honetako mito bizietako bat.
Horrez gain, hogei kontzertu baino gehiago eta bluesarekin lotutako beste hamaika ekimen prestatu dituzte uztailaren 9tik 12ra arteko lau egunetarako. Bi agertoki nagusi (Itsas Etxea auditoriuma eta Benta) eta bi txikiago (Arma plazan eta San Pedro kalean) jarriko dituzte.
Gainera, kirol portuan ere bi kontzertu egingo dituzte aurten: ostiralean (Bluedays) eta larunbatean (Mr Groovy and the Blue Heads).
Carlos Malles musika topagunearen zuzendariaren hitzetan, hamar urteotako helburua lortu dute, “bluesa herritarrei gerturatu baitiegu”. Iaz, 90.000 pertsona joan ziren kontzertuetara, eta, datu horren aurrean, hitzorduak hartu duen tamainara egokitutako aurrekontua aldarrikatu du.
Bob Stroger
Ikusmin handiena piztu duenetako bat Bob Strogerren iragarpena izan da. Jaialdian aurretik egondakoa da baxu-jotzaile mitikoa, baina aurten Hondarribia Blues saria jasoko du, bere ibilbide joriaren goresgarri. Howlin’ Wolfekin, Muddy Watersekin eta beste artista askorekin joz eratu zuen bere estiloa 1930ean jaiotako musikariak.