Itxi

Musika

Usandizagarekin lau ordu

Lau kontzertu, Jose Maria Usandizagaren lana plazara ekartzeko

Agentziak | Erredakzioa

Ekainaren 18, 19, 20 eta 21ean, Victoria Eugeniako Club aretoan eta Andre Mariaren Basilikan donostiar musikariaren errepertorioko lan ezagunenak eta bitxienak entzun ahalko dira.

  • Usandizagak organorako idatzi zituen lan nagusiak joko ditu Iñigo de Peque musikariak.

    Usandizagak organorako idatzi zituen lan nagusiak joko ditu Iñigo de Peque musikariak.

Aste honetan, Jose Maria Usandizagaren, donostiar musikak inoiz izan duen artista handienetako baten, lana goratuko dute bere jaioterrian, lau kontzertu iruzkinduren bidez. Gainera, haren lanik ezagunenak ez ezik, pieza ezezagunagoak eta konposizio argitaragaberen bat ere taularatuko dituzte.

“Usandizagarekin 4 ordu: Musika eta hitza Musikeneren eskutik” zikloa gaur aurkeztu dute antolatzaileek, Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiak eta Donostia Kulturak; 28 urte zituela hil zen euskal musikari ospetsua, 1915ean, tuberkulosiak jota.

Kontzertuak ekainaren 18, 19, 20 eta 21ean izango dira, Victoria Eugenia antzokiko Club aretoan denak bigarren egunekoa izan ezik; hori Andre Maria Basilikan izango da. Emanaldiotan, Miguel Martin Donostia Kulturako Musika atalaren arduradunak esan duenez, “Usandizagak Donostiarekin eta donostiarren izaerarekin eduki zuen harreman estua” ekarriko dute gaur egunera.

Javier Gonzalez Sarmiento zikloaren koordinatzaile eta Musikeneko kantu eta teklatu saileko zuzendariaren hitzetan, Usandizagak “kalitate handiz, sentikortasunez eta kolorez” jantzi zuen bere lana, herri musikari egin zizkion ekarpenak barne, eta hori “bizimodu kosmopolitari eta Parisen egindako ikasketei” zor zaie.

Usandizagaren obra ezezagun eta argitaragabeei dagokienez, zortzi urte zituela idatziriko vals bat, “Lied Op. 16” biolin eta pianorako lana eta “Cortejo” tronpa bikote eta pianorako idatzitako pieza ezagutu ahalko dituzte ikus-entzuleek zikloan zehar.

Osteguneko, hilaren 18ko, errepertorioan, pianorako idatziriko lanak joko dituzte, valsak batik bat, eta ostiralekoan organorako idatzi zituen bi lan nagusiak (horregatik egingo dute azken emanaldi hau Alde Zaharreko basilikan). Larunbatean, hilak 20, musika eszenikoa zaharberrituko dute, eta igandean, hilak 21, ganbera lanak.

Doako kontzertu hauetan, donostiar konposatzailearen lanari eta bizimoduari buruzko iruzkin eta azalpenak emango dituzte; Club aretokoetarako, gonbidapenak jaso beharko dira lehenago.