Itxi

Musika

124.000 ikus-entzule

Jazzaldiaren 50. edizioa 'erabateko arrakasta' izan da

Agentziak | Erredakzioa

Zuzendariaren esanetan, “ametsetan irudikatu genuen 50. edizioa” izan da, eta musikariek, Jamie Cullumek kasu, “duten guztia eman dute”.

  • Cullum

    Cullum

Donostiako Heineken Jazzaldia “erabateko arrakasta” izan da, antolatzaileen iritziz: 124.000 lagun bildu dituzte 17 agertokitan eginiko 109 emanaldiek.

Miguel Martin jaialdiko zuzendariak esan duenez, euriaren ondorioz jende gutxiago joan da doako kontzertuetara, Zurriolako Agertoki Berdera, Kursaaleko terrazetara… Nolanahi ere, kontzertu horiek 105.405 lagun batu dituzte.

Ordainpeko kontzertuetara, bestalde, 18.881 pertsona joan dira. “Jendetza handia da, aurreko lauzpabost edizioetako kopuruekin erkatuta”, Heineken Jazzaldiko zuzendariaren hitzetan.

Martin pozik agertu da, 50. edizio honetan parte hartu duten artista guztiek “dena eman dutelako”. Jamie Cullumi aipamen berezia egin dio, hiru kontzertu eman baititu: DJ gisa Agertoki Berdean, bakarlari gisa Kursaalen eta big band batek lagunduta Trinitate plazan.

Jamie Cullum


“Cullum denari emanda aritu da: zerbait ezberdina egitera etorri da, dena eta gehiago eman du eta ume txiki bat bezala ibili da antolatzaileok eskatu diogun guztia gauzatzen”, azpimarratu du.

Halaber, beste artista batzuentzat ere hitz gozoak izan ditu: Silvia Perez Cruz, Zaz, Dee Dee Bridgewater, Melody Gardot, Andrea Motis… “Eta jazz ortodoxoenari dagozkion proposamen interesgarriak ere ugari entzun ahal izan ditugu”, erantsi du.

Bestalde, Miren Azkarate Donostiako Udaleko Kultura, Euskara eta Hezkuntza zinegotzi eta Donostia 2016ko zinegotzi delegatuak Heineken Jazzaldiaren garrantzia goraipatu du, eta kultur jarduerak ekonomiaren motor direla adierazi du; iaz, 11,5 milioi euro utzi zituzten hirian.