Musika
Jaialdia
Donostiklubak kartel mardula prestatu du hamargarren urteurrenerako
Natxo Velez | eitb.eus
Rafael Berrio, Nach, Delorean, Crocodiles eta Delorentos bat zaizkio, besteak beste, hamargarren urtebetetzea ospatuko duen jaialdiaren kartelari. Ostegunetik igandera arte izango dira kontzertuak.
-
Delorean taldea larunbatean izango da Donostikluba jaialdian
Duela hamarkada bat jarri zuten martxan Donostikluba ekimena haren arduradunek, neguan musika programazioaren esparruan hirian "zabaltzen zen basamortua amaitutzat emateko". Ekimenak arrakasta izan zuen, eta, ostegunetik aurrera, programa ugaria gozatu ahalko da hirian urteurrena ospatzeko: ostegun honetan abiatuko du jaialdia Rafael Berrio kantautoreak, bihar hip hoparen txanda izango da, Nach eta Gallinero All Starsen eskutik, eta larunbatean Delorean, Crocodiles, Delorentos eta Ghost Culture arituko dira.
Ospakizuna, esan bezala, ostegunean hasiko da, Egiako kultur etxean; Rafael Berrio kantautore eta Eraul talde donostiarrek joko dute, 20:30etik aurrera.
Ostiralean, hip hoparen txanda izango da, areto berean: Nachek, gaztelaniazko raparen erakusgarri nagusietako batek (ikusi elkarrizketa beherago), Gallinero All Stars donostiarrekin partekatuko du agertokia, 21:00etatik aurrera.
Larunbatean, Gazteszena aretoa "goitik behera" zabalduko dute, eta, goizaldeko azken ordura arte, hiriko talde eta kolektiboek urte osoan zehar egiten duten lana erakutsi ahal izango dute bertatik bertara.
Gauean, Delorean zarauztarrek, Crocodiles estatubatuarrek, Delorentos irlandarrek eta Ghost Cultureren elektronikak jarriko diote azkena jaialdiaren urteurrenaren ospakizun jaiari.
Zirkuitua
Geroago, urriaren 16an, 2015-2016 zirkuitua hasiko da Le Bukowskin: Steven Lawrence "Steve" Wynn kantari estatubatuarrak joko du egun horretan. Jarraian, azaroaren 6an, L.A.-k eta Pelaxek hartuko dute lekukoa, Intxaurrondoko kultur etxean.
Girl, Guns and Glory, Adela Diane, Isasa, Black Yaya eta Patta ere agertzen dira jaialdi honetan joko duten taldeen zerrendan. Hasieran bezala, urte osoan zehar musika independentea entzun ahal izateko espazioak sortzea eta donostiar musika taldeak babestea da oraindik Donostiklubaren helburua.
Nach: "Exisentzialista naiz, eta, hortaz, nire testuak ere bai"
Nach musikari alacantarrak "A traves de mi" diskoa aurkeztuko du Donostian, Donostikluba jaialdiaren bigarren edizioan. Egiako kultur etxeko agertokiaren gainean ikusi aurretik, berarekin hitz egin nahi izan dugu.
"A través de mi" (Universal, 2015) zure zortzigarren diskoa da dagoeneko, eta lehen maketa ("D.E.P.") 1994koa duzu. Denbora horretan, rapa aldatu egin da: underground sakonetik zure lana disko salduenen zerrendan bigarren kokatzera heldu da, adibidez, eta gizartean onespen handia du estiloak oro har. Zelan bizi izan duzu raparen paradigma aldaketa?
Bada, pausoz pauso bizi izan dut: gauzak apurka gertatzen dira eta pentsatu ere ez dugu egiten. Baina hausnarketa egiten duzuenean, konturatzen zara gauzak aldatu egin direla eta txikitan pasio nuen hori lanbide dudala orain.
Harri bat bestearen gainean pilatzea izan da hau, eta, atzera egin eta begiratzen duzunean, inoiz pentsatu zenuen baino askoz harresi handiagoa altxatu duzun sentsazioa etortzen da; oso atsegina da.
Gainera, hip hopa deritzon estilo honei duintasuna emateko borrokan parte hartu eta gero nonahi errespetatzen dela eta balio ematen zaiola ikusteak ere ondo sentiarazten nau.
Uda aurretik Ameriketan, Mexiko, Uruguai, Argentina eta Txilen, ibili zara disko berria aurkezten. Nola ari dira funtzionatzen kantu berriak zuzenean? Zer aurkituko du Donostiako kontzertura bertaratzen denak?
Asko disfrutatzen ari naiz kantu berriekin. Bitxia da; izan ere, batzuetan denbora behar izaten da integratzeko, baina "A través de mi"ko kantu berriak oso erraz eraman ditugu agertokira. Esperientziak ere izango du eraginik, nik uste, eta entsegu asko egin ditugu.
Bira honetan, gauza berriak ere badaude: kontzertu gehienetan pantailak izango ditugu, eszenografia lan oso baten bidez ikusmen aldetik ere kontzertuari laguntzeko. Denbora asko erabili dugu hau guztia garatzeko, baina show-ari beste maila bat ematen dio. Ez ezazue galdu!
Azken diskoko promozio orrian hau esaten da: "Nachen diskoek arrastoa uzten diote berorietan barneratzen denari" Musikak, kasu honetan hitzek, entretenimendua baino zerbait gehiago eskaini behar dutela uste duzu? Kontzientziak astintzeko idazten duzu?
Denetarik egon behar dela pentsatzen dut. Niri bai interesatzen zait nire mezuetan alderdi sakonagoetan sartzea, interesa pizten didaten artista askorengandik horixe gustatzen baitzait.
Pauso bat aurrerago joan nahi dutenak interesatzen zaizkit, egiten duten horretan azken muturrera arte jarduten direnak, trinkoxeegiak ere badirenak.
Entretenimendua ere oso ondo dago, baina ni neu existentzialista naizelakoan nago, eta, horregatik, nire testuak ere horrelakoak dira.
Behin baino gehiagotan esan duzu 90eko rapetik hartu duzula eraginik handiena. Garai hartako zer artista edo disko entzun beharko lituzkete zale gazteenek?
Bada, Wu Tang Clan, Notorious B.I.G, Big L... entzun behar dituzte. Ez dakit: gehiegi daude, eta denak dira onak...
Gazte guztiek entzun beharreko disko bat esan behar badut, 90eko raparen klasiko ezinbesteko bat botako dut: Nasen "Illmatic".
Ezagutzen duzu euskal musika eszena? Bada arreta eman dizun proposamenik?
Gutxi ezagutzen dut, baina Invert lagun ona dut. MC onak baino pertsona are hobeak direnak ezagutzea gustatzen zait, eta Invert horietako bat da.
rietako bat da.