Musika
Musika klasikoa
Diego Martin-Etxebarria orkestra zuzendariak saria lortu du Tokion
Agentziak | Erredakzioa
Bilbotar zuzendariak Orkestra Zuzendarien Nazioarteko Lehiaketa irabazi du Tokion, 29 herrialdetako 239 hautagairen aurrean. Hideo Saito eta Asahi sari bereziak ere bereganatu ditu.
Diego Martin-Etxebarria bilbotar orkestra zuzendariak Orkestra Zuzendarien Tokioko Nazioarteko Lehiaketa irabazi du, azken 15 urteetan saria jabegabe geratu eta gero.
Martin-Etxebarriak (Bilbo, 1979), gainera, Hideo Saito Award sari berezia eta Asahi Award saria ere bereganatu ditu Tokyo Opera Hall eraikinean egindako lehiaketan, Relabel Comunicacionek jakinarazitakoaren arabera. 17. edizioa zuen orkestra zuzendarien demak.
Euskal zuzendariarekin lehian, 29 herrialdetako 239 hautagai egon dira. Japoniako hiriburuko azken kanporaketetarako, 18 pertsona sailkatu ziren, eta azken finalean lau zuzendari aritu ziren nor baino nor gehiago.
Epaimahaiaren iritziz, Martin-Etxebarriak lotura estua erakutsi zuen New Japan Philharmonicekin nola Piotr Illitx Txaikovskiren “Bosgarren Sinfonia” hala Johannes Brahmsen “Haydenen tema baten gaineko bariazio” jotzeko orduan.
Berlinen bizi den zuzendaria Amurrio eta Gasteizko musika eskoletan hasi zen ikasten, eta Orkestra Zuzendaritzako gradua Musikako Kataluniako Goi Eskolan lortu zuen.
Martin-Etxebarria zuzendari laguntzailea izan da Espainiako Orkestra Gazte Nazionalean eta Bilboko Operan Ricardo Frizza eta Donato Renzettirekin, Madrilgo Errege Antzokian eta Stadttheaater Bernen Titus Engelekin eta Desdengo Semperoperren Ricardo Frizzarekin.
Lehiaketa irabazi eta gero, Japonian bira egingo du, besteak beste Osakako eta Nagoyako orkestra filarmonikoa eta Yomiuri Nippon Sympgony Orchestra zuzentzen.
Ostegunean, hilak 22, Kursaalen egongo da, Donostian, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin, Tomas Araguesen omenezko kontzertuan, eta 2016ko maiatzean Bilboko Arriaga Antzokian arituko da.