Musika
Martxoaren 15ean
Lila Downsek disko berria aurkeztuko du Bilboko Arriaga Antzokian
Erredakzioa
'Lila Downs y La Misteriosa: En París' izenburuko lanean bere karreraren abesti garrantzitsuenak bildu ditu. Sarrerak 15 eurotik salgai daude.
Lila Downs Mexikoko abeslariak Bilboko Arriaga Antzokian izango da astelehen honetan, martxoaren 15ean, Lila Downs y La Misteriosa: En París izeneko musika lan berria aurkezteko.
Estreinekoz izango da Bilbon Downs. La Misteriosa bandarekin arituko da eszenatokiaren gainean, otsailetik kalean dagoen abesti sorta aurkezteko asmoz. Downsekin batera, 7 musikari joko dituzte musika tresna tradizionalak eta modernoak.
Lan berri honetan azken hamarkadako 15 abesti bildu ditu guztira, La Sandunga (1999an) diskatik Ojo de culebra (2009an) lanera bitartekoak, alegia. Bere abesti ezagunenak entzungai izango dira emanaldian, hala nola, La línea, Paloma negra eta La llorona, bestak beste.
Chavela Vargasen ondorengoa hartu dute Lila Dows, izan ere, Vargasek berak adierazitakoaren arabera, “ni dagoeneko banoa, urteak pasatzen baitira, baina nire ordez Lila Downs izeneko andrea dator”.
Mexikon jaioa, musika proposamen berezia eskaintzen du Downsek. Mexikoko musika tradizionala eta kultura indigena eta iparramerikarra nahasten ditu abeslariak, konposizio orijinalak sortuz.
Kontzertua astelehen honetan, martxoak 15, arratsaldeko 20:00etan hasiko da. Sarrerak Bilboko Arriaga Antzokiko txarteldegietan eta webgunen bidez eskuratu daitezke. Baita 944 310 310 telefonoan eta BBK zerbitzu anitzeko kutxazainetan. Salgai daude 15 eurotik 33 eurora bitarte.