Musika
Heriotza
Prince, pop musikaren mitoa, zendu da
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Etxean hilda aurkitu dute, eta oraindik ez dago argi zer dela eta zendu den.
Prince pop musikaren ikur handia hilik topatu dute ostegun honetan, Paisley Park herrian (Chanhassen, Minnesota, AEB) zuen etxean, abeslariaren ordezkari batek TMZ webguneari baieztatu dionez. 57 urte zituen.
Joan den astean, Prince Roger Nelson Atlantako ospitale batera eraman behar izan zuten. Aldez aurretik, zihoan hegazkinak larrialdiko lurreratzea egin behar izan zuen, artista ondoezik zegoelako. Gripea zuela esan zuen orduan bere ordezkariak.
Handik ordu batzuetara, etxera joan ahal izan zen, eta, haren ordezkariaren esanetan, ondo zegoen. Are gehiago, hurrengo egunean kontzertu batean agertu zen, eta ondo zegoela esan zien jarraitzaileei.
Abeslari mitikoak 70eko hamarkadaren amaieran hasi zuen ibilbidea, eta 1984an arrakasta handia lortu zuen, "Purple Rain" diskoarekin.
Artistak hainbat doinu uztartu zituen: rocka, rhythm and blues, soul, funk… 35 urteko ibilbidean, 39 disko kaleratu zituen, eta 100 milioi ale saldu zituen.
Estilo paregabea zuen, baita janzteko moduan ere.
Orotara zazpi Grammy eta Oscar sari bat irabazi zituen. Azken hori, "Purple Rain" kantagatik.
Prince bere garaiko musikari berritzaileetakoa izan zen, eta arrakasta ugariren egilea izan zen. Harenak dira, adibidez, "Little Red Corvette", "Let's Go Crazy" eta "When Doves Cry" ereserkiak.
Ibilbide luzea egina zuela, izen artistikoa aldatu zuen. "Prince" atzean utzi, eta ahoskatzeko ezinezkoa zen ikur bat hautatu zuen, "maitasuna" esan nahi zuena. Horregatik, "Prince zena" izenarekin aipatzen hasia izan zen. 2000 urtean, baina, berreskuratu egin zuen jatorrizko izena.
Orain, enegarren eta azken transformazioa bukatu duela, ondare ahaztezina utzi du geurean.