Itxi

Musika

Uztailak 12-16

Izen handiak Gasteizko Jazzaldian, 40. urteurrena ospatzeko

Agentziak | Erredakzioa

Jamie Cullum, Pat Metheny eta Ron Carter, Kenny Barron eta Dave Holland... Izen handiak batu dituzte Gasteizko jaialdiaren antolatzaileek, eta 60 kontzertu egongo dira guztira.

  • Jamie Cullumek ostiralean joko du Gasteizko jazz jaialdian

    Jamie Cullumek ostiralean joko du Gasteizko jazz jaialdian

Gasteizko Jazzaldiak lau hamarkadatan izandako unerik onenak biltzen dituen disko bikoitz bat eta azpimarratzeko moduko programazioa oparitu dizkio bere buruari 40. urtebetetzean. Besteak beste, Jamie Cullumek eta Pat Metheny eta Ron Carter eta Kenny Barron eta Dave Holland bikoteek joko dute aurten jazz jaialdian.

Asteartean hasi eta larunbatean bukatuko den edizioak askotariko egitaraua prestatu du: 60 kontzertu izango dira, 8 agertokitan, eta horietako 45 doan ikusi ahalko dira.

Agertoki nagusiak, Mendizorrotzako kiroldegikoak, izen handiko artisten emanaldiak hartuko ditu. Larunbatean, esaterako, Pat Metheny musikari saritu eta arrakastatsuak Ron Carter jazzeko baxu-jotzaile nabarmenetako batekin batera joko du.

Horiekin batera, Cecile McLorin Salvant Grammy saridunak abestuko du. “For one to love” diskoaren egileak zur eta lur utzi zuen Gasteizko publikoa 2013an, Jacky Terrassonekin batera hiru kantu abestu zituenean.

Bezperan, ostiralean, ere programa bikoitza eskainiko du Mendizorrotzak. Lehenik eta behin, Kenny Barron pianistak eta Dave Holland baxu-jotzaileak osatzen duten bikoteak joko du, “mundu mailako esklusiban”. “The art of conversation” 2012an abiatutako elkarlanak ekarritako diskoko kantuak joko dituzte.

Ostiraleko bigarren zatian, jaialdiaren berrogeigarren edizio honetako izen ezagunenetako baten txanda helduko da: Jamie Cullum abeslari eta pianistak, Grammy biren eta Urrezko Globo biren irabazleak, eskainiko du kontzertua.

Cullumek kontzertu gogoangarriak eman ditu aurretik Gasteizera egindako bisitetan, eta kontzertu jendetsuenetako bat izango da berea, dudarik gabe; izan ere, publiko zabalagoa harrapatzen du, jazzaren mugak gaindituta.

Jaialdia hasteko, Bryant Jonesek debuta egingo du Gasteizen, The Victory Gospel Singers taldearekin.

Asteazkenean, bluesa izango da protagonista, Ruthie Foster gitarrista, abeslari eta konpositorearen eskutik, lehenik eta behin, eta Henry Fredericks 'Taj Mahal' handiak hartuko dio lekukoa geroago. Besteak beste, Eric Clapton, B. B. King, Miles Davis, Jimi Hendrix, Bob Dylan, Bob Marley eta Rolling Stonesekin aritu da lankidetzan bere ibilbide oparoan.

Mendizorrotzako agertokiak Tom Harrell (“jazzeko tronpari onenetako bat”, antolatzaileen hitzetan) eta Joshua Redman Quartet hartuko ditu ostegunean. 90eko hamarkadan agertutako saxofonista esanguratsuenetako batek gidatzen du laukotea.

'XXI. mendeko jazza' sail paraleloak hainbat kulturatako musikari berritzaileak eramango ditu Principal Antzokira. Ximo Tebar (Son Mediterraneoaren sortzailea), Rudresh Mahanthapparen saxofoia, GoGo Penguin hirukote akustiko eta elektronikoa, Yaron Herman israeldar pianista…