Musika
Ikerketa
Belako, Estatuko jaialdi handienen karteletan finko
eitb.eus
Bizkaitarrak Estatuko 50 jaialdi handienetako 12ren kartelean agertu dira aurten. Love of Lesbian katalanak soilik egon dira jaialdi gehiagotan, Ticketea enpresaren ikerketa baten arabera.
Belako taldea ohikoa da euskal musika jaialdietako karteletan. Aurten, horietako askotan egon dira “Hamen” diskoa aurkezten, besteak beste, Tres Sesentan, EHZ Festibalan, Bilbao BBK Liven eta Donostia Kutxa Kulturren; urrunago joan gabe, asteburu honetan bertan BIME Liven eta Jazpana Festen jo dute.
Nolanahi den, Estatuan ere arreta eman du laukotearen proposamenak aurten, beste behin; izan ere, Ticketea Interneten sarrerak saltzen dituen atariak eginiko ikerketa baten arabera, mungiarrak dira 2016an Estatuko 50 musika jaialdi handienetan gehien jo duten taldeetan bigarrenak, aurretik Love of Lesbian katalanak soilik dituztela.
2016an, Ticketeak zerrendatutako jaialdi horietako hamabitan egon dira: Sonorama, Festival de Les Arts, Vida Festival…
Bestalde, Mikel Izal buru duela, Izal taldea ere sartu da zerrenda horretan, Belakok baino jaialdi bat gutxiagoan jo baitu: hamaikatan, beraz. Berriki, 2018an disko berria ateratzen duten arte atsedenaldia egingo duela iragarri du Izal taldeak.
Ticketeak Espainiako Estatuko 50 jaialdi handienen kartelak aztertu ditu zerrenda hori egiteko, 1.600 talde, bakarlari eta DJ, eta horietako gehienetan jo duena Love of Lesbian talde katalana izan dela ondorioztatu du: 50 jaialdiotako hamahirutan jo dute.
Zerrendan, Delorean “Muzik” diskoa aurkezten aritu den zarauztar taldea ere ageri da.