Itxi

Musika

EOS

R. Treviño izendatu dute Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari

eitb.eus

2017/2018 denboraldian hasi, eta hiru denboraldian izango da zuzendari titular maisu estatubatuarra. Jun Märklen lekukoa hartuko du.

Robert Treviño estatubatuarra izango da Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari titularra, 2017/2018 denboralditik aurrera. Euskal orkestrako arduradun artistiko gorena 2017/2018, 2018/2019 eta 2019/2020 denboraldietan izango da titular.

Oriol Roch orkestraren zuzendari nagusiak proposatuta, gaur goizean onartu dute izendapena, Miramongo egoitzan egindako administrazio kontseiluan, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua buru zela. Robert Treviñok Jun Märklen lekukoa hartuko du, horrek 2017ko ekainean bukatuko baitu 2014ko udazkenean abiatu zen hiru denboraldiko kontratua.

Zuzendari titular berriak birritan zuzendu du Euskadiko Orkestra: martxoan abonamendu-denboraldiaren barruan, Brucknerren 7. sinfonia zuzendu zuen, eta irailean, BBK Museo Hiria proiektuaren barruan, Bilboko Azkuna Zentroan izandako kontzertua zuzendu zuen.

Bere ibilbideari dagokionez, Robert Treviñok 2013ko abenduan abiatu zuen Europa eta Asian barrena zuzendari gonbidatu gisa egindako bidea, Moskuko Bolshoin arrakasta lortuta. Ospe handiko orkestrekin aritu da: Munich eta Londresko orkestra filarmonikoak, Bambergeko Sinfonikoa, Frantziako Orkestra Nazionala, Berlingo Irratiko Orkestra Sinfonikoa… AEBn ere, Detroit, San Francisco, Cleveland edo Cincinattiko orkestrak zuzentzen ditu sarritan.