Musika
Las Vegasen
El Consorcio taldeak Grammy Latinoa jaso du, ibilbide osoaren omenez
Efe | Erredakzioa
Bilbotar taldeak Grabazioaren Akademia Latinoaren musika bikaintasunaren saria jaso du bart Las Vegasen, Grammy Latinoen zeremonia nagusiaren bezperan.
El Consorcio bilbotar taldeak Grabazioaren Akademia Latinoaren, Grammy Latinoen antolatzailearen, musika bikaintasunaren saria jaso du bart, inoiz irabaziko zutela pentsatu ez zuten goraipamena.
“Ez genuen inola ere espero, baina pozarren gaude”, esan du Estibaliz Uranga taldekideak alfonbra gorrian, Las Vegasko Four Seasons hotelean egindako zeremonia baino lehenago.
“Ospakizun handia egin genuen jakin genuenean”, esan du Iñaki nebak. “Athleticek Liga edo Txapeldunen Liga irabaztearen parekoa da”, gehitu du.
Akademiak dioenez, sariaren bidez Mocedadesen oinordekotzat aitortu dute E Consorcio, “Eres tú”, “Tómame”, “Secretaria”, “El vendedor” eta beste hainbat kanturen bidez Iberoamerikako merkatua, gaztelaniaz hitz egiten ez duten herrialdeetakoa ere, bereganatu zuen taldea.
“Ez genuen inondik inora espero. Poz handia hartu dugu. Ibilbide musikalari ez ezik, jarraipen bati ere emaniko saria da. 23 urteko jarraipena eta atera ditugun disko guztiak hartu dituzte kontuan, ginen horretan gelditu gabe aurrera jarraitzeko erakutsi dugun interesa”, adierazi du Iñaki Urangak.
Las Vegasera eginiko lehen bisitan, Amaya Uranga eta Carlos Zubiaga lagun zituztela, taldekideek Carlos Vives kolonbiar artistaren eskutik jaso dute saria, eta 2014an taldearen amaiera iragarri zutenean azkarregi hitz egin zutela aitortu dute.
“Publikoaren arreta baduzu, zergatik joango zara?”, esan du Estibalizek, Sergio Blanco duela gutxi hildako senarra oroitzeko hitz batzuk egin aurretik.
Zeremonian, Ricardo Montaner, Ednita Nazario, Eugenia Leon eta Piero artistak ere saritu dituzte.