Itxi

2017/01/19

12:45

Musika

Auzibidean

Paul McCartneyk Sonyren aurka jo du Beatlesen egile eskubideengatik

Agentziak | Erredakzioa

John Lennonekin batera Beatles taldearentzat idatziriko kantuen jabetza berreskuratu nahi du britainiar musikariak 2018tik aurrera.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Paul McCartney musikariak Sony/ATV konpainiaren aurkako salaketa jarri du gaur auzitegietan, 1962 eta 1971. urteen artean The Beatles taldearentzat eginiko kantu arrakastatsuen eskubideak berreskuratzeko asmoz.

McCartneyren abokatuak copyrightari buruzko AEBko legeetan oinarritu dira; izan ere, hainbat aldiz moldatutako legedi horrek ahalbidetuko dio John Lennonekin batera idatziriko kantuen jabetza berreskuratzea, legelarion interpretazioaren arabera.

Besteak beste, liverpooldarren klasiko unibertsal hauen eskubideei dagokie auzitan den afera: "Love Me Do", "Can't Buy Me Love", "Ticket to Ride", "Yesterday", "Hey Jude", "Let It Be"...

New Yorkeko auzitegi batean jarritako auzi eskariaren arabera, 1978a baino lehen egile eskubideak besteri saldu zizkieten artistek horiek berreskuratu ahal izango dituzte 56 urte pasatutakoan, 1976an egile eskubideen legean egindako aldaketa batean ezarri zutenez.

The Beatlesen lehen kantuak 1962an sortu zituztenez gero, McCartneyk uste du 2018an aplikatu ahalko zaiela lege hori berak eta Lennonek sortutako kantuei.

Sony/ATV konpainiak artistarenganako “erabateko errespetua” duela esan du, baina “atsekabetuta” agertu da, haren erabakiari “premiagabea eta goiztiarra” iritzita, The Hollywood Reporter hedabideak jaso duenez.

Lennonek eta McCartneyk hainbat enpresaren esku utzi zuten egile eskubideen kudeaketa, eta 80ko hamarkadan Michael Jacksonek erosi zituen.

Poparen erregeak Sonyrekin bat egin zuen gero, Sony/ATV sortzeko, eta, Jackson hildakoan, Sonyk enpresa horren akzioen erdiak erosi zizkien musikariaren oinordekoei, 704 milioi euroren truke.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea:
  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;