Musika
Urriaren 10ean
Mike Farris & The Roseland Rhythm Revue udazkenean izango dira Bilbon
Erredakzioa
Iaz Gasteizko Azkena Rock Jaialdian izan zen. Estatutik zazpi kontzertu eskainiko ditu musikari estatubatuarrak, tartean, Bilbon.
Mike Farris soul eta rock musikaria udazkenean etorriko da biran, guztira zazpi kontzertu eskaintzeko. Gurean, urriaren 10ean izango da eta Bilboko Kafe Antzokiak hartuko du artistaren emanaldia. The Roseland Rhythm Revue bere bandarekin zuzenean arituko da, bere bi azken musika lanak aurkezteko: Salvation in lights eta Shout! Live zuzenean grabatutako diskoa. Bira Santiago de Compostelan hasiko da, urriaren 8an. Ondoren, beste zazpi hirietan izango da, tartean, Bilbon.
Euskal eszenatokietan sarri izan da Mike Farris. 2004an eta 2009an Gasteizeko Azkena Rock Jaialdian izan zen. AEBetako Tennesseko hiri txiki batean jaioa, Screaming Cheetah Wheelies taldearekin publikoaren onespena lortu zuen Farrisek. Ondoren, bakarko ibilbideari ekin zion eta ordutik hona zenbait disko kaleratu ditu.
Hitzordua, beraz, datorren urriaren 10ean, igandean, Bilboko Kafe Antzokian izango da. Ateak 21:00etan zabalduko dituzte eta lehendabizi, Jardin Infierno taldea igoko da taulara. Sarrerak salgai daude Ticketmasterren webgunean, 902 15 00 25 telefonoan, Fnacen, Carrefourren, Halcon Viajeseko bulegotan, Power Records dendetan eta Kafe Antzokiko txarteldegietan.