Itxi

Musika

120. urteurrena

Donostiako Orfeoiak Royal Albert Hallen kantatuko du

Agentzak | Erredakzioa

Donostiar abesbatzak lehenengoz abestuko du Londreseko areto horretan, uztailaren 21ean, aldean BBCren Orkestra Filarmonikoa eta Juanjo Mena arabar zuzendaria dituela.

Donostiako Orfeoiak 120 urte bete ditu aurten, eta, bere ibilbidean nazioarteko hamaika agertokitan aritu bada ere, oraindik ez du sekula kontzerturik eskaini Royal Albert Hall Londreseko antzoki historikoan. Uztailaren 21ean ezarriko du bere ibilbidean mugarri hori abesbatzak, eta BBCren Orkestra Filmarmonikoa eta Juanjo Mena zuzendaria izango ditu lagun egun handi horretan.

Donostiako taldeak aurreko denboraldiak utzitakoaren berri eman du gaur kazetarien aurrean, eta 2017rako agendan dutenaren berri eman du; besteak beste, Bilboko Guggenheim museoan arituko dira.

Jose Maria Echarri Orfeoiaren presidenteak eta Jose Antonio Sainz Alfaro zuzendariak azaldu dutenez, 2016a oso urte bizia izan da: 40 kontzertu baino gehiago eman dituzte, eta Lucernako Jaialditik pasatu izana azpimarratu dute une gogoangarrienetako bat bezala.

Alfaroren hitzetan, publikoa “harrituta” geldituko da Londreseko emanaldira joango diren 120 abeslarien lanarekin. “Fidelio” Beethovenen lana interpretatuko dute, kontzertu bertsioan, eta abuztuaren 4an Donostian errepikatuko dute, 78. Musika Hamabostaldiaren barruan, Kursaalen.

Donostiar koruak Euskal Herriko hainbat herri bisitatuko ditu aurten, eta urriaren 18an Guggenheim Bilboko museoan egongo da, erakusketa zentroaren 20. urteurrena ospatze aldera antolatu duten jarduera multzoan.

Gainera, Orfeoiko emakumeek xingola arrosa bat erakutsiko duen jantzi beltza estreinatuko dute 2017an, Hubert de Givenchy moda-sortzaileak duela lau urte diseinatutakoa. Balenciagak 1964an egindakoarekin batera erabiliko dute jantzi hori, zeinaren patroigintzaz Lorenzo Capirle arduratu baita.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Donostia