Itxi

Musika

Heriotza

Chris Cornell musikaria hil da

eitb.eus

Seattlen jaiotako abeslaria Soundgarden eta Audioslave taldeetan eta bakarka aritu zen. 52 urte zituela itzali da haren ahots miragarria.

1:23

Chris Cornell estatubatuar musikaria, Soundgarden, Audioslave eta Temple of the Dog taldeen ahotsa, bart hil da, Detroiten, 52 urte zituela, bertako hedabideek zabaldu dutenez, oraindik zergatik ez dakitela.

Detroiten zendu da Cornell, bertan Soungardenen AEBko birari zegokion kontzertua eman eta biharamunean, CNNk Briam Bumbery ordezkariaren hitzei oihartzun eginez zehaztu duenez.

Bumberyren hitzetan, “bat-batekoa eta ezustekoa” izan da heriotza: “Vicky emazteak eta familiak ustekabean jaso dute heriotzaren berri, eta auzitegiko medikuarekin soinez soin lan egingo dute haren arrazoia argitzeko”, argitu du.

Familiak eta managerrak eskerrak eman dizkiete jarraitzaileei “etengabe maitasuna eta leialtasuna” erakusteagatik, eta “ataka honetan une oro gure pribatutasuna errespetatzea” eskatu diete.

Cornell Seattlen (Washington) jaio zen, duela 52 urte, eta 7 urte zituela hasi zen musikagintzan, pianoa jotzen. 1984an, Soundgarden sortu zuen, grungearen eta rock alternatiboa deitu zenaren mugimenduan ezinbesteko taldea.

Taldea 1997an desegin zuten, eta, 2001ean, Cornellek Audioslave taldea sortu zuen, Rage Against the Machineko hiru taldekide ohirekin batera. Bakarka ere jardun eta gero (“Casino Royale” James Bonden pelikularen kantua egin zuen), Soundgarde berpiztu zuen, 2010ean.