Musika
Disko berria, iraliean
Belakok mugak zabaltzen jarraitzen du
N.V. | eitb.eus
Mungiar taldeak Erresuma Batuan zehar egin duen bira bukatu berri du, eta hurrengo diskoa nazioarte mailan zabaltzeko akordioa erdietsi du El Segell del Primavera eta PIAS etxeekin.
Ingalaterran eta Eskozian zehar egindako kontzertu sorta bukatu berritan, Belako bizkaitar taldeak Render me numb, trivial violence hirugarren diskoa nazioarte mailan kaleratzeko akordioa lortu duela iragarri du; El Segell del Primavera (Lee Ranaldo, Cristina Rosenvinge…) etxeak eta Belako Rekordsek merkaturatuko dute, PIAS etxearen laguntzarekin.
Hirugarren disko honetako lehen alea, “Render me numb” kantua, entzungai dago jadanik, eta, taldekideen hitzetan, lanean “gitarra kementsuagoko rocka entzungo da, 90eko hamarkadako soinuaren eta post punkaren oihartzunekin”.
Diskoa kaleratzearekin batera, Belakok bira egingo du, eta, besteak beste, Milanen (ekainak 23), Tokion (irailak 29), Los Angelesen (urriak 18) eta Mexiko Hirian (azaroak 11) eskainiko dituzte emanaldiak.
Lehenago, Euskal Herritik gertu, Ezcaray Festen (uztailak 22) eta Santander Music Festivalen (abuztuak 5) ikusi ahalko dituzte zaleek, baita Primavera Sound, Mad Cool eta FIB jaialdi handietan ere.