Musika
Kontzertua
Guns N' Roses 21:30ean irtengo da San Mameseko agertokira
N.V. | eitb.eus
Maiatzaren 30ean, asteartearekin, egingo den kontzertuaren aurretik, 18:00etan irekiko dituzte ateak, eta antolatzaileek garaiz joatea aholkatu dute, segurtasun neurri zorrotzak egongo baitira.
Ausarta da zalantza izpirik gabe baieztatzea, Axl Rose kantariak arestian bildutako atzerapen ernegagarrien zerrenda luzearen ondorioz, baina Guns N’ Roses taldeak Bilbon, San Mames estadioan, eskainiko duen kontzertuaren antolatzaileek iragarri dute kaliforniar taldea 21:30ean irtengo dela oholtzara, Athleticen zelai berriak inoiz hartu duen lehen kontzertua izango denean.
Nolanahi den, berandutze horiek antzinako kontuak direla ematen du; izan ere, taldeak zorroztasunez bete ditu ezarritako ordutegiak “Not in this lifetime tour” 2016ko apirilaren 1ean Los Angeleseko Troubador aretoan abiatutako biraren Amerikako, Asiako eta Ozeaniako emanaldietan. Hain zuzen ere, bira horren kariaz, berriz ere agertoki berean elkartu dira Slash gitarrista, Duff Mckagan baxu-jotzailea eta Axl bera, taldearen boskote mitikoaren hiru kide, 23 urtez muturtuta egon eta gero.
Estatubatuar taldearen emanaldi indartsua 21:30ean abiatuko da, beraz, baina estadioaren ateak 18:00etan irekiko dituzte, eta 19:30ean hasiko da giroa berotzeko zeregina beteko duten bi taldeen lana: Tyler Bryant & The Shakedown eta Mark Lanegan Band, zeinaren buru bakarkako ibilbide oparoa duen estatubatuar artista baitago, Screaming Trees eta Queens of the Stone Ageko kide ohia.
“Garaiz bertaratu”
Kontzertuaren antolatzaileek San Mamesera garaiz joatea aholkatu dute, segurtasun neurri zorrotzak izango baitira ezbeharrak ekiditeko helburuarekin.
Gainera, sarreran miaketak egingo dituztela aurreratu dute; izan ere, ezingo da estadiora sartu aterki handirik, selfiak egiteko makilarik, objektu zorrotzik, motxilarik, poltsarik edo “arriskutsua edo gogaikarria izan litekeen bestelako gairik”
Euririk egitekoan, zirak edo txanoak erabiltzeko gonbita egin dute, ezingo baita euritakorik sartu.
Halaber, kontzertuaren egunean garraio publikoa erabiltzea ere eskatu dute, eta gogora ekarri dute Metro Blbaok zerbitzu berezia jarriko duela martxan ordubetez, kontzertua bukatutakoan (23:45 aldera, aurreikuspenen arabera).