Musika
Bilbo
Guns N' Rosesek musikazalez beteko du lehenengo aldiz San Mames
agentziak | erredakzioa
Axl Rosek eta konpainiak estadio berriaren lehenengo kontzertu handia emango dute. Aurrerapen handiarekin eta garraio publikoan joateko deia egin dute agintariek.
-
Axl Rose oholtza gainean, egurrean. Argazkia: EITB
San Mames eta Bilbo osoa prest daude dagoeneko heavy musikaren barruan talde mitikoenetako bat den Guns N' Rosesen kontzertua hartzeko.
Berriz ere agertoki berean elkartu dira Slash gitarrista, Duff Mckagan baxu-jotzailea eta Axl bera, taldearen boskote mitikoaren hiru kide, 23 urtez muturtuta egon eta gero. Beraz, inork ez du galdu nahi kontzertuaz gozatzeko aukera, eta milaka izango dira San Mames berrira joango direnak.
Lehenengo kontzertua
Estatubatuar taldearen emanaldi indartsua 21:30ean abiatuko da, baina estadioaren ateak 18:00etan irekiko dituzte, eta 19:30ean hasiko da giroa berotzeko zeregina beteko duten bi taldeen lana: Tyler Bryant & The Shakedown eta Mark Lanegan Band, zeinaren buru bakarkako ibilbide oparoa duen estatubatuar artista baitago, Screaming Trees eta Queens of the Stone Ageko kide ohia.
Guns N' Rosesen "Not in this lifetime tour" birak San Mames berrian geldialdia egitea erabaki zuen, eta horixe izango da estadioak hartuko duen lehenengo kontzertu handia.
Garaiz bertaratu
Kontzertuaren antolatzaileek San Mamesera garaiz joatea aholkatu dute, segurtasun neurri zorrotzak izango baitira ezbeharrak ekiditeko helburuarekin.
Gainera, sarreran miaketak egingo dituztela aurreratu dute; izan ere, ezingo da estadiora sartu aterki handirik, selfiak egiteko makilarik, objektu zorrotzik, motxilarik, poltsarik edo "arriskutsua edo gogaikarria izan litekeen bestelako gairik".
Zirkulazio arazoak
Hainbat zirkulazio aldaketa egin dituzte Bilbon. Kontzertua astearte iluntzean, 21:30ean, hasiko bada ere, lehenago hasi dira gorabeherak. Hala, astelehen goizetik (maiatzak 29) itxita dago Ventosa bidea, Briñas kalearekin bat egiten duen tokitik aurrera. Estadioaren ostetik doan bide hau astelehen goizetik, 10:00etatik, asteazken iluntzera arte, 20:00ak arte, egongo da zarratuta.
Enbarazu gehiena, dena den, astearterako espero da. Astearte eguerditik asteazken goizalderaino (01:00), itxita egongo dira honako kaleak edo kale zatiak: Serrate kalea, Briñas (Serrate eta Juan Antonio Zunzunegi etorbidearen arteko tartea) eta Urkixo zumarkalea (Sabino Arana etorbidetik). Garajeetako sarrera-irteerak segurtasun baldintzen arabera egongo dira erabilgarri. Horrez gain, inguru horretatik dabiltzan Bilbobusen lineen ibilbideak ere aldatuko dituzte.
Udalak ohartarazi duenez, segurtasun arrazoiak direla eta, baliteke Udaltzaingoak ordutegi horiek aldatzea.
Halaber, aparkalekuak kenduko dira aipatutako kale eta kale zatietan, astelehen arratsaldetik, 14:00etatik, asteazken goizaldera, 01:00etara.
Partida egunetan antolatzen den segurtasun dispositibo bera izango da, Udalaren hitzetan.
Metro Bilbao
Kontzertua dela eta, Metro Bilbaok tren zerbitzu berezia eskainiko du.
Konpainiak iragarri duenez, kontzertua bukatu ondorengo 60 minutuan ibiliko dira trenak, eta San Mames, Indautxu eta Moyuako geltokietan bakarrik hartu ahalko dira. Gainerako geltokietan irten besterik ezingo da egin.
Euskotren
Euskotren enpresa publikoak indartu egingo du trenen eta tranbiaren zerbitzua.
Kontzertua amaitutakoan, Bilboko metroaren 3. linean, 15 minutuan behin eskainiko dute tren zerbitzua. Zehazki, Etxebarri eta Matiko artean, 23:38tik 01:53ra ibiliko dira trenak, eta Matiko eta Etxebarri artean, 23:15etik 01:45era. Halaber, Txorierriko tren linean, tren bat irtengo da 01:08an Etxebarritik Lezamarantz.
Tren bereziek kontzertua ikustera joango den jendearen itzulera erraztuko dute, eta tranbia zerbitzu berezia egongo da San Mamesetik Atxurira. Kontzertuaren aurretik, zerbitzua ohiko ordutegiko trenekin eskainiko da.
Renfe
Halaber, AEBko taldearen kontzertua dela eta, Renfek aldiriko tren zerbitzuak indartuko ditu. Ondorioz, San Mameseko geltokira joateko zerbitzuak indartu egingo dira, baita bertatik bueltatzekoak ere.
Tren zerbitzu bereziak kontzertua amaitutakoan hasiko dira, eta San Mameseko geltokitik irteten diren eta Abandon helmuga duten trenek (C1 eta C2) eta Urduñara doazenek (C3 linea) ziurtatuta izango dute bien arteko lotura.