Itxi

Musika

Azaroak 17

Shakira BECen ikusteko sarrerak, salgai

eitb.eus

Atzo zuzeneko kultura jardueren BEZa % 21etik % 10era jaitsi eta gero, antolatzaileek sarreren prezioa jaitsi dute. Txartel merkeenen salneurria 61 eurokoa izango da.

  • Shakira BECen joko duen bigarren aldia izango da. Argazkia: Jaume de la Iguana.

    Shakira BECen joko duen bigarren aldia izango da. Argazkia: Jaume de la Iguana.

Salgai daude Shakirak, “El Dorado” nazioarteko biraren barruan, BECen azaroan emango duen kontzerturako sarrerak. Gainera, Last Tour kontzertuaren enpresa sustatzaileak iragarri duenez, sarrerei hasieran jarritako prezioa jaitsiko dute, atzo indarrean sartu baitzen zuzeneko ikuskizunen gaineko BEZa % 21etik % 10era jaitsiko duen gobernu agindua.

Sarrerok erosteko, Ticketmaster eta Kutxabank atarietara jo behar da, eta merkeenak, ikuspegi murriztuko tokietakoak, 61 euroan egongo dira. Pistako sarrerak 86,70 euroan egongo dira, eta Golde Circlekoak (agertokiaren aurreko eremu mugatua) 105,30 euroan. Eserleku erreserbatuen prezioa 74,40 eta 86,70 euro artekoa da.

Gainera, sarrera bereziak ere erosi ahalko dira: Gold Hot Ticket (251 euro: lehen mailako eserleku erreserbatua, sarbide berezia, opari esklusiboa…), Golden Circle Early Entry (262 euro: gainerako publikoaren aurretik sartzeko eskubidea, Golden Circle sarrera, sarbide berezia, opari esklusiboa…), Platinum (198-385 euro), Silver Hot Ticket (190 euro: eserleku erreserbatua, sarbide berezia, opari esklusiboa…) eta VIP Party Package (213 euro: lehen mailako eserleku erreserbatua, zizka-mizkak VIP eremuan, doako edariak kontzertua hasi aurretik, VIP jai ofiziala…).

Bi Grammy eta hamabi Grammy Latino irabazi ditu Shakira nazioarte mailako izarrak, eta El Dorado diskoa aurkezteko nazioarteko biran helduko da BECera, azaroaren 17an. Hamaikagarren disko horrek Platinozko 5 Disko ekarri dizkio, besteak beste, “La bicicleta”, “Chantaje”, “Me enamoré” eta “Déja vu” abesti arrakastatsuei esker.