Itxi

Musika

Abuztuak 22-27

Flamenco On Fire jaialdiak Camaron eta Leonard Cohen omenduko ditu

Agentziak | Erredakzioa

Sabicas iruindar maisua omentzen duen jaialdiaren laugarren edizioa abuztuaren 22tik 27ra ospatuko dute, Nafarroako hiriburuan.

  • Juan Manuel Cañizaresek Paco de Lucia omenduko du NOSekin batera. Argazkia: Amancio Guillen.

    Juan Manuel Cañizaresek Paco de Lucia omenduko du NOSekin batera. Argazkia: Amancio Guillen.

Flamenco On Fire jaialdiaren laugarren edizioa abuztuaren 22tik 27ra egingo dute, Iruñean, eta Camaron de la Isla cadiztar kantariaren heriotzaren 25. urteurrena oroituko du, baita Leonard Cohen iaz hildako kanadar kantautorea modu berezi batean omendu ere.

Miguel Moran Flamenco On Fireren zuzendariak aurkeztu du gaur, prentsaurreko batean, sortu zenetik Sabicas iruindar maisua omentzen duen jaialdia.

Moranen hitzetan, Carmen kalean agertoki txiki berri bat jarriko dute hiriko artistek eta ikastaroetako parte-hartzaileek “inprobisazioari bide eman diezaioten”, eta laugarren edizioan artista hauek egongo dira, besteak beste: Antonio Carmona, Tomasito, Miguel Poveda, Kiki Morente, Juan Habichuela iloba, Duquende eta Arcangel.

Camaron de la Isla zenarentzako omenaldi nagusia abuztuaren 23an egingo dute, Baluarten, Pedro ‘El Granaíno’k eta Duquendek haren ibilbideko kantu adierazgarrienak berrikusiz.

Maider Beloki Iruñeko Udaleko Kultura zinegotziaren esanetan, bigarren urtez jarraian Flamenkoa Balkoietan ekimena egingo dute goizero, eta abeslarien eta gitarra-jotzaileen lana Mañueta kaleko, Udaletxeko eta La Perla hoteleko balkoietara iritsiko dira horrela.Balkoietan arituko dira, besteak beste, Pepe Habichuela, Guadiana, Duquende eta Salome Pavon.

Felix Palomero Baluarte Fundazioaren zuzendari gerenteak ‘Al-Andalus’ kontzertua azpimarratu du, jaialdiko lehen saioa. Baluarte jauregian izango da, eta Juan Manuel Cañizares eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoa izango dira taula gainean, bestek beste, Paco de Lucia omentzeko.