Musika
Urteurrena
40 urte Janis Joplin gabe
Erredakzioa
Gaindosi baten ondorioz hil zen, 1970eko urriaren 4an, 27 urte zituela.
40 urte bete dira bluesaren dama zuria gaindosi baten ondorioz hil zenetik. Baina, halere, oraindik ere bizirik jarraitzen du bere musikaren bitartez. Janis Joplin, rock munduan izartzat hartu zuten lehen emakume zuria, kontrakulturaren sinbolo izan zen. Haren ahots aberats, hunkigarri eta lazgarriak inoiz izan den rock eta blues kantari onena bihurtu dute Joplin. Hain gazte hil izanak, gainera, mitoa handitzen lagundu zuen.
Janis Lyn Joplin 1943ko urtarrilaren 19an jaio zen Texaseko (AEB) herri industrial txiki batean, Port Arthurren. Aitak (Seth) findegi batean egiten zuen lan eta amak (Dorothy) institutuan abesten zuen. Erdi mailako klasekoa zen bere familia, eta Joplin gazte problematikoa eta bakartia izan zen beti. Alaba irakasle izatea nahi zuten gurasoek, baina 16 urterekin musikarekiko maitasuna pizten hasi zitzaion, Louisianako tabernetan beltzen musika entzunez.
Austinen, Texaseko Unibertsitatean, ikasketak hasi zituen, eta han ezagutu zuen Waller Creek Boys izeneko taldea, rocka bluesarekin nahasten zuena. Ordurako alkoholarekiko mendekotasuna zuen Joplinek. Estiloak nahasten zituzten abestiak eginez, diru apur bat aurreratzea lortu zuen, eta, horrela, bere ametsa (San Franciscora joatea) bete ahal izan zuen.
1963an iritsi zen San Franciscora, eta bizitzeko adina ateratzen zuen gaueko lokaletan bluesa abestuz. Garai hartan, anfetaminak hartzen hasi zen. Diru gutxiko eta pilulen mendekotasun handiko aldi baten ostean, Texasera itzuli zen 1965ean, atseden hartu, desintoxikatu eta ikasketak bukatzeko asmoz.
1966an San Franciscora itzuli zen, eta talde berri eta psikodeliko batean sartu zen: Big Brother and The Holding Company. Taldea oso ezaguna egin zen hirian eta disko bat kaleratu zuen: Big Brother and The Holding Company. Joplinen ospea handituz joan zen, eta ospe horrek Monterreyko Pop Jaialdian parte hartzera eraman zuen banda 1967an. Joplinen ahots lazgarriarekin abestutako bluesak arrakasta handia izan zuen.
Diskoetxe batek bigarren lana grabatzeko deitu zituen eta Cheap Thrills grabatu zuten New Yorken. 1968an kaleratu zuten eta lehen hilabetean milioi bat kopia baino gehiago saldu zituzten. Ameriketako Estatu Batuetako kritikak harrera oso ona egin zion, neska bizi eta grinatsuari ongietorri beroa emanez. "Piece of my heart" abestia oso ezagun egin zen, baina taldearen barruan tentsioak sortzen hasi ziren; izan ere, Joplinen izaera oso gogorra zen eta kritika onak berarentzat baino ez ziren. Urte horretan bertan, abeslariak taldea utzi zuen.
1969an Woodstockeko jaialdian parte hartu zuenean, oraindik ere Joplin ez zen oso ezaguna. Urte horretan talde propioa sortu zuen: Janis and the Joplinaires (Kozmic Blues Band izena eman zioten geroago). Talde honekin disko bat grabatu zuen: I Got Dem Ol''Kozmic Blues Again, Mama!. Alkoholarekiko gero eta mendekotasun handiagoa zuen, eta zuzeneko kontzertuak tamalgarriak ziren. Hala ere, "Try", "Maybe" edo "Little Girl Blue" abestiak, besteak beste, arrakastatsuak izan ziren, eta Joplinen abestien artean klasiko bihurtu ziren.
Joplinen ospea hondatzen hasi zen pixkanaka, gero eta drogaren mendekotasun handiagoa baitzuen. 1970. urtean taldea aldatu zuen berriz. Beste talde batzuetan berarekin aritu ziren musikariekin osatu zuen Full Tilt Boogie Band. Uztailean, Kanadatik egindako bira bukatu ostean, disko bat grabatzen hasi ziren. Janisek ez zuen inoiz disko hori kalean ikusi. Urriaren 4an hil zen Los Angelesen, droga gaindosi baten ondorioz. 27 urte zituen.
Bluesaren Dama Zuriaren azken lana, Pearl, bera hil eta hilabete batzuetara kaleratu zuten. "Cry Baby" eta "Me and Bobby McGee" abestiak zeuden bertan. Azken abesti hori kantaldi bakar batean grabatu zuen, etenik gabe. Diskoa salmenta zerrendetako lehen postuetara iritsi zen laster, baina Janis Joplinek ezin izan zuen hori ikusi.