Itxi

Musika

Basauri

Bizkaiko Kantarien Topaketa egingo dute San Migelen, Basurin

Ixone Arana | eitb.eus

Topaketara 300 eta 350 pertsona artean etorriko dira Arrigorriagatik, Plentziatik, Galdakaotik, Arratiatik, Santurtzitik edo Bilbotik, besteak beste.

  • Topaketa San Migelen izango da 11:00tik 18:00ra. Argazkia: Garazi de Vega

    Topaketa San Migelen izango da 11:00tik 18:00ra. Argazkia: Garazi de Vega

Urriaren 28an Bizkaiko Kantarien Topaketa ospatuko dute San Migelgo (Basauri) kaleetan euskara sustatzeko. Ibilbidean zehar Euskal Herriko eskualde guztietako 25 kanta abestuko dituzte herriko zortzi gunetan.

Basauriko San Migel Kantari taldeak abiatu zuen ekimena, eta, horretarako, Bizkaiko 30 kantari talderekin jarri ziren harremanetan, elkarrekin abestu, bazkaldu eta gozatzeko gonbidapena egiteko asmoz. Guztira, 300 eta 350 pertsona artean bilduko omen dira bertan, eta, besteak beste, Arrigorriaga, Plentzia, Galdakao, Arratia, Santurtzi edo Bilboko lagunak espero dituzte.

Kantariak lau taldetan banatuko dira, eta zapi morea, zuria, gorria edo berdea banatuko zaie batzuk eta besteak bereizteko. Talde bakoitza gune batean hasiko da kantuan, eta hiru abesti kantatuko ditu horietako bakoitzean. Kalez kale bakoitza bere aldetik ibili ondoren, elkarrekin bazkalduko dute Sofia Taramona Eskolako patioan, jaiarekin jarraitzeko.

San Migelgo kantarien taldea orain dela hiru urte sortu zen euskara modu alai eta parte-hartzailean zabaltzeko helburuarekin. Taldea osatzen duten adin guztietako 30 kideak hileko lehen ostiralean batzen dira kaleak musikaz girotzeko.

EGITARAUA

11:00 - 12:00. San Migelgo txistulariak: Kalejira

11:00 - 12:00. Kantarien harrera (Ixatxak parkea, San Migel)

12:00- 14:30. Guztiok batera lehenengo kantak eta Kantujiraren hasiera

14:30. Guztiok batera azkenengo kantak Ixatxak Parkean

15:00 - 17:45. Bazkaria Sofia Taramona Eskolako patioan

18:00. Jardunaldiaren amaiera