Itxi

Musika

Urrian

Omar Faruk Tekbilek musikariaren doinuak, Leioan eta Donostian

Erredakzioa

'The Tree of Patience' azken lana aurkeztuko du turkiarrak geurean. Urriaren 8an izango dugu Leioako Auditoriumen, eta hilaren 12an Donostiako Victoria Eugenia Antzokian.

Omar Faruk Tekbilek Turkiako musikariak The Tree of Patience bere azken diskoa zuzenean aurkeztuko digu datozen egunotan. Hilaren 8an, ostiralean, Leioako Auditoriumen izango da, eta urriaren 12an, berriz, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian.

Askorentzat Turkiako musika berritu duen artista da Omar Faruk Tekbilek. Geografia zein kultur mailan bidegurutzea da Turkia, eta Faruken musikak izaera hori islatzen du. Egun New Yorken bizi da, eta bere lanetan ekialdeko doinuak eta mendebaldeko musika uztartzen ditu. Musika tresnetan ere nahasketa bilatzen du artistak.

The Tree of Patience azken disko honetan musikari handien laguntza izan du Omarrek: Enrique Morente, Arto Tuncboyaciyan, Ara Dinkjian, Steve Roach eta Hansan Isakkut artisten lankidetzarekin sortutako lana da.

Leioako Auditoriumen ostiralean eskainiko duen kontzertua 20:00etan hasiko da, eta sarreren prezioa 25 eurokoa da. Victoria Eugeniako hitzordua, aldiz, asteartean da, 19:00etan, eta sarreren prezioa, 30 eta 25 eurokoa.