Musika
Uztailak 17-21
Carla Bruni Gasteizko Jazzaldian arituko da
Agentziak | Erredakzioa
Frantses herritartasuna duen italiar kantariak bat egingo du honezkero Hudson, The Mingus Big Band eta Cory Hendry iragarrita dituen kartelean.
-
Uztailaren 19ko gaua itxiko du Carla Brunik
Carla Bruni Gasteizko Jazzaldiaren 42. edizioan arituko da “French touch” diskoa aurkezten, uztailaren 17tik 21era Arabako hiriburuan egingo dute musika jaialdiaren antolatzaileek iragarri dutenez.
Frantses herritartasuna duen italiar kantautorea ez ezik, Kool & The Gang taldea eta Al McKay Earth Wind & Fire bere taldea omenduko duen gitarrista ere izango dira Gasteizko Jazzaldian.
Horiek guztiak lehendik ere Hudson, The Mingus Big Band eta Cory Henry & The Funk Apostles kartelean zituen jaialdira batuko dira.
Brunik uztailaren 19ko gaua itxiko du Mendizorrotzako kiroldegian, The Mingus Big Band taldearen kontzertuaren ondoren.
Artistak David Fosterrek ekoitzitako diskoa aurkeztuko du: ingelesezko kantuen bertsioak batu dituzte bertan, “Miss You” Rolling Stonesen kantutik hasi eta “Jimmy Jazz” The Clashen kanturaino.
Ohikoa denez, gospel kontzertu batek zabalduko du jaialdia, aurten uztailaren 17an, asteartearekin, eta Leanne Faine & Favor Chicagoko taldeak izango du ardura hori bere gain.