Itxi

Musika

Baieztapen gehiago

Portishead taldekoak FIB 2011 jaialdian izango dira

Erredakzioa

Asteazken honetan iragarri dituzten Primal Scream, Arctic Monkeys eta The Strokes bandak ere bertan izango ditugu. Uztailaren 14tik 17ra egingo dute musika jaialdia Benicàssimen.

Portishead taldea FIB 2011 jaialdian izango da, antolakuntzak ostegun honetan ohar baten bidez iragarri duenez. Asteazken honetan jakin dugu The Strokes, Arctic Monkeys eta Primal Scream aurtengo edizioan arituko direla, eta, egun bat geroago jakitera eman dutenez, Portishead taldekoak ere bertan izango dira. 2011ko uztailaren 14tik 17ra bitartean egingo dute FIB&' || 'nbsp;jaialdia Benicássimen.

Bristolen sortu zen Portishead taldea 90eko hamarkadan. 1994an Dummy, lehen diskoa kaleratu zuten, eta arrakasta handia lortu zuen lanak mundu mailan. 1997an Portishead jarri zuten salgai, eta 2008an iritsi zen taldearen orain arteko azken lana: Third. Benicàssimeko hitzordua dugu, oraingoz behintzat, taldea Espainian ikusteko aukera bakarra. Izan ere, atzo bertan iragarri zuen banda britainiarrak eszenatokietara itzultzeko asmoa.

Kartela osatzen doa
Iragarpen berri honekin aurtengo edizioko kartela osatzen doa. Uztailaren 14tik 17ra Portishead, Primal Scream, Arctic Monkeys eta The Strokes taldekoak izango ditugu Benicassimen.

The Strokes taldeak azaroan amaitu du disko berriaren grabazioa. Hainbat atzerapen eta zurrumurruren ostean, badirudi datozen hilabeteetan kaleratuko duela New Yorkeko taldeak estudioko laugarren lana. Bost urte igaro dira jada The Strokes taldeak First Impressions on Earth diskoa kaleratu zuenetik eta zaleak irrikaz daude. Casablancas bakarka aritu da 2010eko edizioan eta taldearekin joango da, berriz, 2011ko jaialdira.

Arctic Monkeys taldea 2009an kaleratutako Humbug diskoa zuzenean aurkeztera helduko da FIB jaialdira. Laukote britainiarrak, gainera, aurreko bi diskoetako kantuak ere taularatuko ditu bertan.

Primal Screamek Screamadelica diskoa berriz argitaratuko du martxoan, taldearen 20. urteurrena ospatzeko. Musika alternatiboaren alorrean mugarri izan zen 1991n argitaratutako diskoa eta, Bobby Gillespiek eta bere mutilek iragarri dutenez, lanaren argitalpen berriarekin, bertako kantuak goitik behera joko dituzte hurrengo kontzertuetan.

2011ko FIB Heineken jaialdirako bonu bereziak (lau egunetarako bonuak, kanpatzeko aukara ematen dutenak) azaroaren 25era arte daude salgai 145 euroren truke. Azaroaren 26tik urtarrilaren 14ra bitartean, lau eguneko abonuek 155 euroko salneurria izango dute eta hiru egunekoek, berriz, 125 eurokoa (hiru egunekoek ere kanpatzeko auekra emango dute).