Itxi

Musika

Udalaren erabakia

Juanjo Mena Gasteizko seme kuttun izendatuko dute

Agentziak | Erredakzioa

Abuztuaren 5ean jasoko du orkestra zuzendariak udal talde guztiek aho batez onartutako saria.

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak proposatuta, udal bozeramaileen bilerak aho batez onetsi du Juanjo Mena orkestra zuzendari gasteiztarra hiriko seme kuttun izendatzea. Abuztuaren 5ean jasoko du Menak Gasteizko Udalak diziplina ezberdinetan lortutako merituak aitortzeko sortutako saria.

Alkatearen aburuz, Juanjo Menaren saria "guztiz bidezkoa eta zuzena" da, musikaren eta orkestra zuzendaritzaren esparruetan egin duen bide profesional esanguratsu eta oparoa aintzatesten baitu. "Juanjok mundu zabalera atera du Gasteizen izena, eta ezin hobeto erakusten du gure hiriak sortzen duen talentua. Bera bezalakoek ezin modu hobean erakusten dute nolakoak garen, eta eredugarriak dira guztiontzat", esan du.

Juanjo Mena Gasteizen jaio zen, 1965eko irailaren 21ean, eta Jesus Guridi Musika Eskolan hasi zituen musika ikasketak, eta oso orkestra ospetsuak zuzendu ditu, besteak beste, Berlingo Orkestra Filarmonikoa, Osloko Filarmonikoa, Frantziako Orkestra Nazionala, Milango Scalako Orkestra Filarmonikoa, RAIko Orkestra Sinfoniko Nazionala, Goteborgeko Sinfonikoa, Stockholmeko Filarmonikoa eta Danimarkako Orkestra Sinfoniko Nazionala.

Amerikako Estatu Batuetan 2004an egin zuen debuta, Baltimore Symphony orkestrarekin, eta hango orkestra garrantzitsuenak ere zuzendu ditu: Chicago, Boston, Houston, Cincinnati eta Pittsburgeko orkestra sinfonikoak, New York Philharmonic eta Los Angeles Philharmonic, edota Cleveland eta Philadelphia Orchestra.

Juanjo Menaren arrakastek nazioarteko erreferente izatera eraman dute orkestra zuzendaritzaren arloan, bai eta sari ugari jasotzera ere, horien tartean Arabako Urrezko Domina.

Gaur egun BBCko Filarmonikako zuzendari titularra da.