Itxi

Musika

EITBren lankidetza

Musika sinfonikoa ikastetxeetara eramango du SinfoKids proiektuak

Erredakzioa

Musika eta hezkuntza uztartzen dituen ikus-entzunezko ekimena da. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, EITBk eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak jarri dute martxan.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (EOS), EITBk eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak SinfoKids proiektua jarri dute martxan. Musika eta hezkuntza uztartzen dituen ekimena da, gazteen artean musika klasikoa zabaltzeko helburua duena. EITBko ikus-entzuleei ere musika sinfonikoaz gozatzeko aukera emango die proiektuak.

Hainbat musikari eta aktorek, eta komunikazio arloko zenbait profesionalek bost unitate didaktikoko DVDa sortu dute. Euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez argitaratu dute.

Astelehen honetan izan da proiektu berri honen aurkezpena, Donostian. Han, Isabel Celaa eta Blanca Urgell Hezkuntza eta Kultura sailburuak, Alberto Surio EITBko zuzendaria eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendaria, Iñigo Alberdi, izan dira. Abusu Bilboko ikastolako ikasleak ere aurkezpenean izan dira, DVD honetan parte hartu baitute.

Haydn... bizitza oso bat Euskadiko Orkestrak, Iker Sanchezen zuzendaritzapean, 2010eko martxoan eskainitako kontzertuaren hainbat zati biltzen ditu lanak. Gainera, Abusu ikastolako 5. mailako ikasleek hiru hilabetetan landu zuten tailerraren emaitza ere izango dugu ikusgai ikus-entzunezko ekoizpenean. Horien guztien eskutik, beraz, musikaren garai klasikoko hainbat lanez gozatzeko aukera izango da.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Euskadiko Lehen Hezkuntzako ikastetxe guztietan banatuko du DVDa. Gainera, ETBk DVD honetan biltzen den grabazio guztia osorik emango du otsailaren 12an, ETB1-en. Gerora, astero eskainiko du unitate didaktikoetako bat, ETB3-n.