Itxi

Musika

2019ko uztailak 27-28

John Zornek hamalau taldeko beste maratoi bat eramango du Donostiako Jazzaldira

Hogeita hamar musikarik baino gehiagok joko dituzte Zornek “The Bagatelles” lanerako konposatutako 300 kantuetako berrogeita hamar bat ale.

  • Zorn Donostian, 2013an. Argazkia: Lolo Vasco.

    Zorn Donostian, 2013an. Argazkia: Lolo Vasco.

John Zorn Donostian izango da berriro, Heineken Jazzaldian, 2013an bertan Masada Marathon aurkeztu eta gero. Oraingoan, Bagatelles Marathon aurkeztuko du, bi saiotan: uztailaren 27an eta 28an.

2015eko martxo eta maiatz artean, John Zornek 300 konposizio idatzi, eta The Bagatelles musika-liburuan jaso zituen. Maratoi formatuko kontzertu berezi honetan, 14 taldek hartuko dute parte John Zornen musika-liburu berri eta luze horretako 50 konposizio baino gehiagoren interpretazioan.

Bertan parte hartuko duten hogeita hamar musikari baino gehiagoren artean izango dira Mary Halvorson, Marc Ribot, Kris Davis, Julian Lage, Dave Douglas, Joey Baron, Craig Taborn, Peter Evans, John Medeski, Matt Mitchell, Ikue Mori, Erik Friedlander, Mark Feldman, Sylvie Courvoisier, Kenny Wollesen, Trevor Dunn eta Zornen sormen-unibertsoa inork baino hobeto ulertzen duten beste hainbat musikari.

Oraingoan, 14 banda izango dira, eta talde bakoitzak 20-25 minutu emango ditu jotzen. Horregatik, kontzertua bi saiotan banatzea erabaki dute: Kursaal Auditorioan eskainiko dute, uztailaren 27 eta 28an.

2019ko uztailaren 24tik 28ra artean Donostian ospatuko den 54. Heineken Jazzaldiaren egitarau osoa iragartzen den momentuan jarriko dituzte salgai sarrerak, 2019ko otsail aldera.